uskal selekzioaren alde omen gaude euskal herritar gehienok baina azken garaiotan moteldu egin omen da euskal selekzioaren aldeko eskaria edo gure herri nortasuna aldarrika-tzeko aurreikusitako lorpenenaren aldeko borroka. Naziometroak jaurti dituen datuak izaki. Datuok ezagutzean, Jon Sarasuak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak aurreko astean Iruñean Sabino Arana Fundazioak eta Irujo Etxea Elkarteak antolatutako Erkidego Politikoen Identitateei buruzko jardunaldian esandakoak ekarri ditut gogora. Euskal komunitateak ez dugula bisio indartsua argudiatu zuen; etorkizunean izan nahi dugunari buruzko irudi ahula dugula. Irudi hori oso argi izan ezean, nekez zehaztu daitekeela estrategia onik. Eta, momentu honetan, estrategiak zehazten areago ez ote gauden arduratuta, bisio hori bateratzen baino. Ikerlariak, hiru horizonte jasotzen dituen bisio-proposamena partekatu zuen bertaratutakoekin. Beharko genukeela ondo bizi (dimentsio ekonomiko-sozialari dagokionean), gu izan (gure komunitate izana mantendu eta garatu) eta gizarte humanizatuago bat eratu (hau da, gure herria balio zehatz ba-tzuekin erkatu).

Ikusmira hau partekatuta, bukatu zuen galdetuz ea posible den gure herrian, bisioan bada ere, herrigintzan ari diren/garen askotariko erakundeen artean aipatu bisioa partekatzea. Abiapuntu beretik abiatzea. Abiaburu bera izatea. Etorkizunean izan nahi dugun herri irudia argi izatea eta, horretan bada ere, bat egitea.

Bisioa ere, ordea, misioa eta balioak bezala, garatu egiten den elementua da. Eta momentu honetan, ezin uka, bisio proposamen ezberdinak plazaratzen ari garela, han eta hemen, argia noiz ikusiko.

Argiak, ostera, edukiaren egokitasunetik eta erakargarritasunetik bezainbeste izan behar du hedatzeko duen gaitasunetik eta azkenik, hirukoak bezala, onartzeko, norbere egiteko eta biderkatzeko hartuko dugun konpromisotik. Bestela, euskal selekzioarekin gertatu bezala kexatuko gara hemendik gutxira, gure herri nortasuna ere, esku artetik irristatu zaigun beste gerra galdu bat ez ote den. l