Txikia nintzenean, urte berriarekin batera ikastolara bueltatu ginenean, idatzi bat prestatzeko eskatu zigun irakasleak. Aberatsak izanez gero, zer egingo genukeen. Horixe gaia. Nire baitan ordura arte lekurik izan ez zuen galdera zenez, etxean gurasoei galdegin nien. Eta aitak, birritan pentsatu gabe, bota zuen berea. Urte berri eguneko kontzertua entzutera joango litzatekeela esan zuen, Vienara. Amets handia iruditu zitzaidan. Ez baitzuen zerikusirik nik nire egunerokoan bizi nuen ezerekin. Eta, beraz, ez zen batere irisgarria. Eta, beraz, benetako ametsa zen. Hegan egiten laguntzen duen horietakoa. Egun hartatik aurrera, urtero jarraitu izan dut Vienako urte berriko kontzertua, telebistaz. Eta sinistera heldu naiz, munduan ezin dela egon, orkestra hartan jotzea edota dantzarietako bat izatea baino gozamen handiagorik.

Aurten, ostera, urte berriko kontzertua zuzenean gozatzeko aukera izan dut, lehenbizikoz nire bizitzan: Irungo Luis Mariano Orkestra entzun dut, Jose Ferreira Lobo zuzendari poldugaldarrak gidatuta eta Frantziako Compagnie Lychore dantza taldeak lagunduta. Programak bi zati izan ditu: lehenbiziko zatian Errusiako eta Espainiako musikari ospetsuen opera eta zartzuela zatiak eta, bigarrenean, nola ez, Johan Strauss.

Haurtzarora egin dut bidaia kontzertuan. Egin nituen amets haiek guztiak burura ekarri ditut (edo beraiek etorri zaizkit, trumilka), egia izatera heldu direnak eta oraindik ere amets izaten jarraitzen dutenak. Eta kontzertuak iraun duen ordu eta erdian sinistera heldu naiz, umea bainintzan, ametsak oro lorgarriak direla.

Eta amestu dut zein ederra izango litzatekeen, Euskal Herrian ere urte berri eguneko kontzertu bat izango bagenu, ez hiriburu bakoitzean bat baizik eta bat bakarra erraldoia BECen, edo San Mamesen edo Navarra Arenan... Euskal Herri osoko musikariz eta dantzariz osatua. Programak bi zati izan litzake baita ere: lehenbizikoan, euskal musikari ospetsuen obrak eta, bigarrenean, nola ez, Johan Strauss. Musikak ametsak irisgarri egiten dituelako. Eta batasuna sentiarazten.