Lagun batek kontatu zidanarekin piztu zitzaidan lehen alarma; laguna aztoratua zebilen bere familia handiak Gabonetarako antolatu nahi duen

plana dela eta: urrutiko landetxe batean ez dakit zenbat bildu, asko-asko dena den, bertan bi egun edo gau pasa eta ez dakit zenbat bazkari eta afari egiteko. Lagunak familia osoa maite du (batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago), baina ez dosi arriskutsuegi horietan. Bigarren alarma auzoko supermerkatuan piztu zen gurditxoarekin, normalean libre baina egun hartan gauzez beterik zegoen pasabide batean, mahai handi baten kontra nahi gabe estropezu egin nuenean, mahaia Gabonetako gozokiz gainezka zegoen.

Turroiak dar-dar utzi nituen. Hirugarrena, etxe ondoko kale batean udal langileak ikusi nituenean Gabonetako argiak zuhaitzetatik zintzilikatzen. Urriak ez zuen oraindik hogei egun, eta hurrengo Gabonek etorkizunetik oihartzunak bidaltzen zizkidaten orainaldira behin eta berriz. Urtero

bezala pentsatu nuen goizegi hasten zela aurten Gabonetakoa, eta urtero bezala pentsatu nuen aurten egun pare bat lehenago hasi dela dena.

Horrela segituz gero, Gabonetakoa irailaren hasieran hasiko da laster, udako oporrak bukatu eta berehala. Agian ulergarria da kontua. Azaroa, hilabete ilun eta ospe txarrekoa, aspergarria izan daiteke, eta agintari modernoen helburu nagusietako bat gu entretenituta mantentzea denez, ona dateke bake sozialerako Gabonak lehenbailehen hastea. Jakina da asperdura iraultza eta aldaketa askoren hasiera dela. Aurten, gainera, txip txinatarren arazoa dugula zabaldu da, kontsumo maila arriskuan omen dagoela, ezin izango diogula trepeta teknologikorik elkarri oparitu eta abar. Drama izugarria, antza.

Nik erabaki dut zutabegileok Gabonez-eta idatzi beharreko artikulu urterokoa oraintxe idatzi behar dudala, urriaren bukaeran, beharbada apur bat berandu gauzak nola dauden ikusita (datorren urtean lehenago idazten saiatuko naiz), eta lasai igaro azaro osoa eta abenduaren erdia, Gabonetako benetako hatsa, abenduaren hogeian edo, lepoan sentitu arte.