ormalitate berrian gaudela entzuten da edonon; hedabideak dira, batez ere, normalitate berrian gaudela behin eta berriro errepikatzen digutenak, ezaguna baita den-dena bitan edo milatan errepikatu behar zaigula buru gogorretan leku egin ahal izateko. Bestalde, ahalegina ere ez da itzela, gehienok sinetsi nahi baitugu, kosta ahala kosta, normalitate berrian gaudela, normalitatea zehatz-mehatz zer den argi ez badago ere.

Niri normalitate hitzak alergiak sortu dizkit aspaldidanik, batzuk gogorrak, beste batzuk eramangarriagoak, eta konprobatu dut normalitate berria esapidearekin ere normalitate zaharrarekin bezala gorputza garatxo, orban, pikorta eta azkurez bete zaidala. Entzun dut nire espanturako taberna batean zutik egotea dela normalitate berriak ekarri digun oparirik handiena. Hala izango da batzuentzat; niretzat gure bizimoduan dagoen konturik ezerosoena izan da beti tabernetan zutik egon behar hori (adinarekin iritzia berresten dut egunero). Beste askorentzat maskara eraman beharra da normalitatera inoiz iritsiko ez garen seinalea, indar ilun zapaltzaileen sinboloa; batzuentzat normalitate berriarekin musuak eta besarkadak eta bostekoak eta bizkarrean zapladak bueltatuko dira azkenik. Niri maskararen gutxienekoa iruditzen zait eta batzuk ez musukatzea lasaitu ederra. Moldatuko gara, moldatuko naiz eta alergiarekin bizi ikasi.

Normalitate berria ez da leku guztietara berdin iritsi. Bulego publikoak dira benetako gotorlekua: hor segitzen dute ateak itxia, hitzorduak zikoizkeriak banatzen, inoiz erantzuten ez duten telefonozko harresiek babestuta, labirintozko webguneetan gorderik. Hitzordua lortu eta bulego horietako batera sartzen zarenean, mirarietan sinestun, katedraleko isiltasuna da nagusi bertan, eta langile bakarraren aurrean belauniko jartzeko prest zaude faboreagatik eskertuta. Ni burokrazia zaharra (paper hori betetzea falta zaizu, bueltatu bihar) nostalgiaz gogoratzen hasi naiz.. Eta Osakidetza. Oi, Osakidetza! Sagardui andrea, arreta telefonikoa ez zaigu gustatzen. Normalitate berria astiroegi iristen ari da Osakidetzara.