Zirrikituetatik begira

Carmona

06.10.2021 | 00:40
Carmona

Ezin dut esan Carmona sozialistarenak harritu ninduenik. Agian harridura etorri bezain laster joan zitzaidan, edo harriduraren zaporearekin batera betidanikoaren zaporea ere nahasi zitzaidan ahoan. Gustu txarra, dena den. Antonio Miguel Carmonarenaz ari naiz, bai. Telebistetan ospe moduko bat lortu zuen politikagintzan ibili zen garaietan: etikaren gailurra, ustelen zigorra, zapalduen zaldun ibiltaria, salgai ez zegoela aldarrikatzen zuen harro erresumako senataria izatea eskaini ziotela kontatzen zuenean. Disidente politikoaren paper ustez erromantikoa ere jokatu zuen alderdi sozialistan kasu gehiegirik egiten ez ziotenean. Unibertsitatean irakaslea izatea nahikoa ez berarentzat, antza, eta orain Iberdrolako presidenteordea izango da. Ate birakariaren aurrean lotsarik sentitu ez duena ez da kikildu argindarraren prezioak gora egiten ari direnean.

Inozook uste nahi genuen ate birakariena, sortu ziren eskandaluak eta gero, ez zela berriro ere errepikatuko: uste horrek gure inozokeria baino ez du agerian uzten, eta askoren etika zein malgua izan daitekeen. Gasteiztik entzuten dira Bilbon Iberdrolak duen dorretik iristen diren barre algarak; Iberdrolako presidente Sánchez Galánek, gainera, barreak mehatxuekin tartekatzen ditu, edo, argindarraren faktura dela eta, bere amaginarrebarekin dituen pasadizo barregarri eta maitagarri horiekin. Bera ere "humanoa" da. Carmonaren hurrengo adierazpenen zain nago urduri, bere "humanitate" maila ikusteko irrikan nago: inorena baino handiagoa izango da, ez dut zalantzarik, soldata berriaren parekoa.

Ez dakit noraino egongo diren pozik edo etsiturik PSOEn. Nik dakidala, oraindik ez dute alderditik egotzi. Carmonarekin nahikoa ez balute izango, orain Margarita Robles ministro sozialistarena jakin dugu, 90. hamarkadan funts bereizietatik ateratzen zizkiola sosak errege-etxeari, eskudirutan arrastorik ez uzteko. Monarkiaren aldeko errepublikazale lehen juankarlista orain felipista, edo horrelako zerbait, monarkia ikertzearen aurka beti.

Nork zeharkatuko du ate birakaria bihar?

noticias de noticiasdegipuzkoa