Gure erkidegoko azkeneko erakundea ingelesezko izena du: Basque District of Culture and Creativity. Zer da BDCC? "Funtseko gunea Euskadiko kultura -eta sormen- industriek beren potentzial guztia aska dezaten", webgunean esaten duten bezala. Ideia ona iruditzen zait. Baina izena ez dut ulertzen. Lasai, ez dut hona ekarriko esan zaharrek eta Gabriel Arestik gaiaz ziotena.

BDCCk (izenak) kexa, meme eta hitz-joko gutxi sortu ditu euskaltzaleon artean, beste kasu batzuetan baino gutxiago. Badirudi ohitzen ari garela. Nik, neurri batean, ulertzen dut dena ingelesez jartzeko jarrera (apur bat kosmopaleto) hori. Zer egin beharko lukete bestela? Izena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jarri? Marketinaren ikuspuntutik ez litzateke eraginkorra izango erabili beharreko letra zopa irentsi ezinezko hori. Gainera, batzuek esango lukete frantsesa ere agertu beharko litzatekeela. Nik izenak euskaraz eta ingelesez jarriko nituzke bakarrik hizkuntza ez oso ezaguna edo alfabeto desberdina duten herrialdeen antzera, baina ziur aski hori Espainiako Erresumaren euskal lurretan legez kanpokoa izango da, konstituzio sakratuaren kontrakoa, gaztelania baztertzeko ahalegin nazionalista nazkagarria eta abar. Beraz, ez euskaraz, ez gaztelaniz, ingelesez eta kito.

Beste aterabidea izango litzateke izen bitxiak asmatzearen ohitura zaharra berreskuratzea eta Osakidetza bezala Kulturkidetza, KulturSare, KulturTegi, KulturOla edo horrelako hitz berriak sortzea, baina Innobasquek esaten badu BDCC behar dela, zer esango dugu besteok?

Besteok esaten dugunak ez du ezertarako balio. Milaka izan dira txantxak, haserreak eta eskaerak gauzei (bai, gauzei) ingelesezko izenak jartzen hasi zirenetik. Alferrikakoa izan da. Nik uste dut ez dutela txantxa, haserre eta eskaera horien guztien berri izan ere, hau da, ikusezinak izan direla, eta zerbait sumatu dutenean berehala baztertu dute EuskadiBasKauntriren izenean. Baskauntri, autobusaren herria. Irizarland. Let's go.