z dakit gure seme-alabentzako ikastetxea aukeratzen zergatik ematen dugun hainbeste denbora, zertarako hainbeste buruhauste... Ez dakit zergatik esaten dugun gure seme-alaben heziketaren ardura biona dela: ikastetxearena eta gurasoona, gero, umea ikastetxean sartzen denean eta ikastetxeak seme-alabaren gainean erabakiak hartzen dituenean, erabaki horiek ez direla egokiak esateko behatza altxatuko badugu. Demagun gure umeak (zortzi urte ziztrin besterik ez baititu) ikasgelan oihu egin duela. Irakasleak eskatu dio gelan oihurik ez egiteko. Umeak, berriz ere oihu egin du, ordea. Irakasleak berriz ere, oihurik ez egiteko adierazi dio; eta eskatu dio, irudikatzeko, gelakide guztiak oihuka hasiko balira; baina umeak, berriro ere, oihu egin du. Irakasleak, orduan, zigorra jarri dio. Biharamunerako, 50 aldiz idatzita ekarriko du "klasean ez dut gehiago oihu egingo, irakasleak klasea eman ahal dezan eta nire gelakideak molestatu ez daitezen".

Etxean, gurasoei, zigorra ez zaie egokia iruditu. Ez diote umeari zer egin duen galdetu eta, noski, ez dira beste gelakideengana joan, beren umearen oihua zer iruditu zaien galdetuz. Kontua da, umeari arreta deitu diotela klasean eta lotsarazi egin dutela. Eta, zigorra, aitona-amonen garaikoa dela. Nori otutzen zaio nonsense esaldiak kopiatzeko eskatzea? Umeak zigorrik gabe hezi behar dira gaur. Egiten dutena egiten dutela, gurasoek beti defendatuko dituztela pentsatuz. Arrazoia, hortzak erakutsiz gero, beti zurea dela sinestaraziz. Gaizki egin duzula jakinaraztea eta lotsa sentiaraztea, umeak estigmatizatzeko tresnak direla salatuz. Gurasoek, bada, zuzendariarengana jo dute eta irakasleari egindako okerra emendatzea eskatu diote. Hasteko eta behin, familiari barkamena eskatuz. Honen ondoren, ez dakigu umeak klasean oihu egiten jarraituko duen edo ez. Gelakideei ez dutela molestatu behar adieraziko dien edo... Eta irakaslea? A! Ez dakigu hemendik aurrera ikasleei zer eskatu ahal izango dien, bere hitzek piperrik balioko duten€ Baina ez dio axola. Ze hori guztia gurasook ordaintzen dugun nominan doa!