Premia daukagu. Hori diogu gure buruak zuritzeko. Justifikazio edo estakuru bat baino gehiago behar genituen. Eta izan ditugu. Pandemiari aurre egiteko neurriak zaindu behar genituen, bi euskal talderen arteko norgehiagoka Espainiako Kopa eskuratu alde, eta Aberri Eguna. Emozio gehiegi, apika. Eta publizitatea, eta medioak, eta kamisetak eta banderak balkoietan, eta tabernetan eta kaleetan egin daitekeenaren eta egin beharko ez litzatekeenaren artean dantzan Premia daukagu, bai, kaleak hartzeko eta nork bere kolorez tindatzeko. Batzuk gorriz, besteek urdinez. Eta premia daukagu euskaldunok euskaldun garela aldarrikatzeko, kaleak, plazak eta zerua ere geure eginez

Baina daukagu daukaguna. Egun bat euskaldun guztiona, ez duguna hala denik onartu nahi. Dauzkagu bi futbol talde (gehiago ere bai, baina honakoan bi izan dira lehian) arerioak direla azpimarratzen nekatzen ez garena; eta daukagu, gainean, pandemia bat, bai erabakiak hartzen dituztenak eta bai gorde beharreko arauak betetzen ez dituztenak hormara eraman nahi ditugunak Eta jarraitzen dugu herri bezala batzen gaituzten elementuak zeintzuk diren ikusi ezinda. Eta jarraitzen dugu kakaren gainean kaka egiten, bardo....

Premia daukagu, bai. Sukalde hain ona izateko, sukaldean egiten oso gutxi dakien herria da gurea. Aurre lan horretan. Osagaiak aukeratzen. Sua prestatzen. Mahaia atontzen. Musika jartzen. Postrearekin harritzen... Bai, hori guztia egiten ikasteko premia daukagu.

Arerioak barruan ereiten jarraitzen dugun bitartean, ez gara herri txatxu bat besterik izango. Eta etorkizun hutsean pentsatzen jarraitzen badugu ere, ez gara amets baizik egiten ez dakien herri mengel bat baino izango.

Hitzak, hitzak eta hitzak. Hitz merkeak baizik ez ditugu entzuten han eta hemen. Batzuk besteen kontra. Elkarrekin zerbait taxuzkoa eraikitzeko gai ez direnen aho merkeetatik erori baizik egiten ez direnak. Premia daukagu, bai, sukaldean lan egiten ikastekoa, mahaian hitz egitekoa, elkarrekin kantatzekoa, arerioa kanpoan asmatzekoa eta munduari adarretatik heltzekoa!