egar egin nuen. Eta horregatik dakart zergatia lerrootara. Edertasunak, handitasunak eta perfekzioak gaindituta, negar. Ohartarazi gintuzten musikariek. Pandemiari eta eguneroko zarata mundutarrari aurre egiteko txertoa jarriko zigutela agindu ziguten eta halaxe izan zen, negarrez bukatzeraino. Aitzitik, orduak behar izan nituen nire baitan sortu zen arima-zuloa bete zutela konturatzeko eta emozioari aurre egiteko.Euskadiko Orkestrako musikariek, larunbatean, J.S. Bachen Brandenburgo kontzertuak jo zituzten (3., 4. eta 5.). Bikaina, benetan, bai interpretarien lana eta bai emaitza. Eta galdetzen du batek, zergatik ez dugun musika heziketa sakonagoa. Zergatik ez dugun musika gure egunerokoaren oinarri. Ez naiz ausartuko arteetan ederrena denik esatera baina, ezbairik gabe, arimara bizkorren eta sakonen heltzen zaiguna da. Hitz bidezko azalpen premiarik gabe, ametsetan bakarrik erdietsi ditzakegun lekuetara eramaten gaitu, pozez blaitu edo tristeziarik sakonenean hondoratu; garaipena irudikatu, grina erakutsi, maitasuna transmititu, beldurrak uxatu, alaitasuna erantsi, lotsa azaldu, misterioa sortu, galtzen lagundu, ametsetan barreiatu, arrangura kendu, amorrazioa sentiarazi… kolore anitzetako sentimenduak loratu eta horiekin guztiekin bake-tzen erakutsi.

Bachen Fugak zer diren azaldu zuen musikari batek. Niri, piano ikaslea nintzenean, gehiegizkoak egin zitzaizkidan haiek. Eta inbidiaz josita atera nintzen kontzertutik, taula gainean jardun zuten hamalau musikarietako bakoitzak taldeari egiten zion ekarpenaz galdetuz. Helburu bera izanik, musika eder eta perfektu hura sortuz (zeren eta bai, musikak perfekzioa urratzen baitu). Musika entzuten duen gizartea, entzuteko prest dagoen herria dela esango nuke; zorrotzagoa, plazerra eta perfekzioa dastatzen dituelako; jakinagoa, lengoaia bat baino gehiago ezagutzen dituelako; eta guztientzako bera den partitura bat irakurtzeko ahalegina egiten duelako, helburu amankomun baten alde. Negar egin nuen hau guztia sentituta, txiki, nire baitan.