spaldiko lagun batek eman dit asteburuan gaurko zutaberako titularra: "Terrazan jarrita bizi gara".

Kezka agertu zidan lehenbizi. Ez dugula Euskal Herria bizi, Euskal Herri kontzeptua, ez eta Euskal Herri kontzeptuaren lanketa. Ez eta herriarena bera ere. Ez dugula izan garenaren sentimendua transmititu, izateko egiten gintuzten ezaugarriak landu eta biderkatu daitezen bermatu. Gizartean, oro har, ez dela herrigintzarako garrik somatzen. Bertan goxo gaudela. Lortutakoa nahikoa bailitzan. Politikaz aseta, ongizatea ipar.

Kezka gero eta nabarmenagoa zitzaion nire lagunari, herri bezala bat egingo gaituzten elementu edo sinboloak behar ditugula aipatu zuenean. Sinboloak, ostera, batera-tzaileak izanik eta neurri batean beharrezkoak, ez dira nahikoa. Ez baikara irudiaz bakarrik bizi. Edota irudia partekatua den errealitate batetik baitator. Errealitate bat, zeinak sentitua izan behar duen. Orduan, eta orduan bakarrik, funtziona-tzen dute sinboloek. Eta halakoan, sinboloa ez da ia asmatu ere egin behar. Berez sor-tzen baita. Berez egiten baitu herritarrak bere.

Sinboloak sortzeko, ordea, elkarrekin partekatutako egitasmo bat behar da. Elkarrekin eraikitzen ari garen zerbait. Lanean aritu. Amets bera partekatu. Helburuak elkarrekin erdietsi. Nekea elkarrekin sentitu. Noraezak eta irtenbideak elkarrekin bizi. Eta, bitartean, izan.

Hori dena falta zaigula esaten zidan aspaldiko lagunak. Lana egiteko garra, finean. Edota gar hori baliatzeko etorkizuneko herri proiektua eta proiektu horretan parte hartzeko aukera, gogoa eta kemena.

Herri ekintzailea izan garela esanez ahoa betetzen zaigu, auzolanean dakigula, kooperatibismoaren sehaska, elkarteen bidez antolatzen garela eta erronkari belarrietatik heltzen dakigula€

Gaur, ostera, geldik eta isilik gaude (eta ez pandemiagatik bakarrik). Bestela ere bai. Gaur, terrazetan jarrita bizi gara. Bertan goxo.

Aspaldiko laguna eta ni ere, terrazan aritu ginen hizketan, denboraren iraganak hoztutako kafe epel baten bueltan.