steburuan irakurri dut artikulu luzea, psikologo izendun batek idatzia, pandemian birdeskubritu ditugun plazeren ingurukoa. Errutinatzat edo normaltzat genituen ohitura asko beste era batera egiten ditugula zioen adituak eta, normalean, ohitura horiek errepikatzea aukeratu egiten dugula, horretarako denbora aurkitzen. Horixe birdekubritzearen kakoa. Egiten dugun aukeraren kontzientzia izatea: bideodeia lagunekin, arratsaldeko edo asteburuko kafea edo pintxoa kuadrillarekin etxetik, dei lasaia gurasoei, afal ondoko tertulia etxekoekin, mahai jokoren bat berreskuratu izana asteburuetarako, telebista itzali eta sofan jarrita irakurri, musika ere sofatik entzun€ Bai, kaleari orduak lapurtu dizkiogun honetan, etxean orduak luzatu zaizkigu. Etxeko lanak egiteko estres gutxiago nabari da orain, etxeko lanak errazago banatzen dira, eta etxeko txokoak joko zelai berri bilakatu ditugu.

Honetan guztian, nik, tarte zuriak deskubritu ditut. Eta ez naiz azulejoez ari (jadanik ez dut azulejo zuririk etxean). Lapurretan egiten nuen denborak, orain, bere lekua du bai nire agendan eta baita etxean ere. Bere txokoa hartu du. Eta ez naiz lanerako lekua izateaz ari (hori betidanik izan baitut). Sortzaileak, sormenerako hartzen duen lanerako denboraz gain, behar du baita ere pentsatzeko, irakurtzeko, bilatzeko, kontrastatzeko, eztabaidatzeko, edota atseden hartzeko tartea. Norbere tartea. Hazteko tartea. Tarte zuria. Sormen lan orok eskatzen duena.

Lehen, beste ohitura edo eginbeharren batek betetzen zuena (egin beharreko bisita edo ateraldiren bat, ezin delegatuzko erosketa premiazkoren bat, edota kalera ateratzea bera). Orain, ia-ia erreibindikatzen aritu beharrik gabe, tarte hori ohiko eta natural bilakatu da. Neure. Ez besteren. Nire egunerokoan tarte bat, nire atsegin eta garapen intelektualerako errekonozitua. Beste ezerekin partekatu behar ez dudana.

Psikologoak ez zuen honetaz hitz egiten. Ustez premia bizikoagoak diren gauzez ziharduen. Emakumeontzat, tarte zuriak izatea premia bizikoa da, ordea.