uela 30 urte sortu zen Euskaldunon Egunkaria. Kazetaritza ikasten harrapatu ninduen ekimenak. Eta ondo baino hobeto gogoratzen dut euskara hutsezko egunkariaren inguruko proiektuak Gizarte Zientzien Fakultateko euskara adarreko ikasleongan zer nolako jakinmina sortu zuen. Gure etorkizunerako lanlekua izan zitekeela pentsatzeaz harago, euskara hutsean funtzionatuko zuen ideiak eta munduaren ikuspegi propio bat erakutsi ahal izango zuela pentsatzeak liluratzen gintuen.

Urte hartako Durangoko azoka benetan bitxia izan zen. Azoka sarreran Egunkariaren aleak banatzen aritu ziren. Ez zen ia inor besapean euskarazko egunkaria ez zuenik. Euskaraz sortzen den kulturaren erakusleihoan, euskal komunitatea indartzera etorri zen egunerokoaren jaiotza mundu berri baten hasiera gisa bizi izan genuen.

Orain, 30 urte beranduago, egoera bestelakoa da: Berria dugu Egunkariaren ordez eta, pandemia dela-eta, Durangoko azoka telematikoki baizik ezin dugu bisitatu. Aurreko astean, doktorego tesia egiten ari den EHUko kazetaritza fakultateko irakasle saiatu batek galdetzen zidan, batetik, paperezko kazetaritzaren etorkizunaz eta, bestetik, euskarazko literaturaren irakurleen profilaz. Eta, gaurko honetan, ezin ekidin bi ideiok uztar-tzea.

Euskaraz egiten den bai kazetaritzak eta bai literaturak etorkizun oparoa izango dute ez militantziak erantzuten jarraituko duelako, baizik eta kalitatezkoa izateaz gain, munduari begiratzeko modu propioa eskainiko dutelako. Eta, horretaz gain, euskarazko produktuen gainean egiten den marketina aldatuko delako: iraun bizikoa izateari utzi eta win-win izaten hasi beharko du ezinbestean.

Irakurle berriek ez dituzte albisteak eta literatura irakurriko euskaraz idatzita daudelako, bestelako medio eta literaturetan ez duten begirada propio hori aurkitzen dutelako baizik. Beren izaera eta izana garatzen duen komunitate garaile bateko partaide sentitzea, alegia. Eta, gainera, aparteko mundu propio hori, garaipen sentsazioa transmititzen duen komunikazio planteamendu berri batez jantzita eskaintzen zaielako.