ban Zalduak idatzi zuen (euskal) zutabegilearen dekalogoa birpasatzen nenbilela (inoiz ez da berandu zutabegintzaren arteari eskainitako ahaleginak arindu eta, bide batez, zerbait ikasteko), laugarren puntuan ("Gaia edozein izan daiteke") giltzaturik ikusi nuen nire burua bat-batean. Aholku nagusia da zutabegilea azalean geratu behar dela beti, eta sakontzeko euskara, Nafarroa eta gai pare bat baino ez dagoela. Aurrera egin, dekalogoa bukatu eta aztoratuta segi-tzen nuen. Zerbaiten falta sumatu nuen. Euskara, euskara, euskara...

Euskara! Horixe da. Ezaguna da zutaberik irakurrienak direla euskararen inguruan bueltaka aritzen direnak. Edozein zutabegilek konprobatu ahal du (nik neuk askotan) euskarari buruz idatzitako zutabeak arrakastatsuenak direla. Are gehiago, badira euskararen gainean soil-soilik idazten duten zutabegileak (azkarrenak, jakina). Beraz, Iban Zalduaren dekalogoari atal berria gehituko nioke, begirune osoz, hamahirugarrena hain zuzen ere:

13.- Zutabegileak euskararen inguruko, euskarari buruzko, euskaren gaineko zutabea ida-tziko du noizean behin, irakurria izan nahi baldin badu behintzat. Zutabegileak zehaztu beharko du, zutabeak duen maiztasunaren arabera, noiz egin. Aholku orokorrak hauexek dira: astero edo egunero idazten badu, bi hilabeterik behin euskara ateratzea gutxienekoa izango litzateke; hilero idazten badu, maiztasun bera mantentzea izango litzateke hoberena, bi hilabeterik behin, baina kasu horretan hilero idatz dezake euskarari buruz. Zutabegileak jakingo du nola idatzi euskarari buruz beste gai bati buruz idazten ari denean ere. Zutabegilea ez da zertan beldurtu behar, ez zaio inoiz gairik faltako; edozein tokitan euskaraz gaizki idatzitako agiriak, oharrak eta paperak ez badira, egongo dira xelebre baten adierazpenak, irainetik gertu beti ere; edozein tokitan euskaraz egiteko zailtasunak ez badira, egongo dira beste xelebre mota baten adierazpenak, etimologiak direla, ostrakak direla; beti egongo da festa bat, ekimen bat, umiliazio bat, herrian-horrela-esaten-da bat, euskalki bat, Euskaltzaindiak ateratako arau ulertezin bat...

Euskara beti izan daiteke gai, bukaezina da.