Zirrikituetatik begira

Prusia

14.10.2020 | 01:15
Prusia

Gaztelaniaz irakurri ditudan azken liburuetako bietan Prusia agertzen da, ez bakarrik kokaleku bezala, baita pertsonaia bezala ere. Kasualitatea bitxia eta, aldi berean, lasaigarria iruditu zait, zeren liburu horietako beste pertsonaia batek dioen moduan, kasualitateak kasualitate izateari uzten baitio laugarren errepikapenetik aurrera. Hala ere, Prusiaren deialdia sentitu izan dut barne-barnean. Prusiara joateko gogo biziak hartu nau, gauza benetan zaila, Prusia gaur egun ez delako ezer: Alemaniako zati bat, Poloniako beste bat eta Kaliningradeko eskualde errusiarra bisitatu beharko nituzke nire desira prusiarrak betetzeko, edo, bestela, itxaron denboraren makina asmatu arte.

Hauexek liburuok: Walter Kempowskiren Todo en vano, Carlos Forteak alemanetik itzulia, eta Vicente Luis Moraren Centroeuropa. Lehenengoan Ekialdeko Prusia ikus dezakegu (ikusi, bai) 1945ko urtarrilean; bigarrenean Oder ibaiaren ertzak 1830 inguruan. Kempowski (1929-2007), idazle garrantzitsua Alemanian, ez da oso ezaguna kanpoan, memoriaren gaietan interesaturik daudenentzat ezinbestekoa; Mora (1970) poeta, eleberrigile, saiogile eta kritikariaren ekarpenak kontuan hartzekoak dira. Estiloak desberdinak dira, jakina: Kempowskik geruzaz geruza eraikitzen du narrazioa, metatze prozesuen bitartez; Morak errealismoaren aurreko idazkera autobiografikoa erabiltzen du. Bietan narratzaileak laino artean mugi-tzen dira. Bietan gerra: Kempowskiren liburuan Ekialdeko Prusian bizi diren emakume, haur eta zahar alemanek Armada Gorria gero eta hurbilago dute; Moraren liburuan narratzaile-nekazariak soldaduen gorpu izoztuak aurkitzen ditu bere lurrak lantzen dituen bakoitzean.

Prusiarako gogo ezinezkoarekin bizi naiz. Orain dela ez asko ETBn "Gora Errusia!" oihuarekin programa bukatzeko ohitura zuen sukaldari bat "Gora Prusia!" oihuka-tzen hasi zen telebista espainiar batera aldatu zenean, belarri eskuindarrak ez min-tzeko, suposatzen dut. Ez zuen arrakastarik izan. Gora Errusia! oihuak asko esan nahi du. "Gora Prusia!", ondoan, ez da ezer; Moraren liburuan bezala, ikusi nahi ez duguna ordezkatzen du agian.

Más información