Zirrikituetatik begira

Egun horietako bat

16.09.2020 | 00:02
Egun horietako bat

Hilaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna izan zen. Egun horretan bertan norbaitek proposatu zituen sare asozialetako batean suizidio kopurua mugatzeko har litezkeen hiru neurri arrazoizko: etxebizitzak neurriko prezioetan, bizitzeko moduko soldatak eta osasun sistema unibertsala. Segituan beste batek hori demagogia hutsa zela erantzun zion, suizidioa hautu pertsonala dela, politikarekin ez nahasteko. Suizidioak prebenitzeko lanetan ibiltzen direnek arrazoia eman zioten lehen lagunari, nire pozerako, eta osasun unibertsala dugun tokietan adimena osasunaz arduratzen den arloa nola dagoen, edo ez dagoen, eztabaidan hasi ziren. Dena dela, penaz ikusi nuen gaia osasunaren aldera jotzen ari zela aurreko guztia ahantziz.

Ni zerrenda horri begira gelditu nintzen luzaro, apur bat kezkaturik, bertan ez baitzegoen ezer afektibitatearekin lotuta. Eta ez zegoen ezer preso batek, espetxe zigorraren hiru laurdenak bete eta gero, dituen eskubideez. Izan ere, hilaren 4an Igor Gonzalez Sola hilik agertu zen Martuteneko espetxean. Baten batek hautu pertsonalarena atera zuen berriro ere, egoeraren beste zertzelada guztiak baztertuz.

Bere buruaz beste egiten duen pertsonaren aurrean begirunea da nire baitan sortzen den lehen erreakzioa, ezaguna izanda edo ezezaguna. Suizidio guztiak automatikoki buru osasunarekin erlazionatzea, orain egiten den bezala, ez zait oso adeitsua iruditzen. Zer gertatuko litzaioke gutariko bakoitzari lana, etxea, lagunak, askatasuna, bizitza duin bizi-tzeko modua bat-batean galduko balitu? Ni ez nago nire buruaz ziur. Oreka zailean gaude egunero handik eta hortik datozkigun haize-boladen kontrako babesa bilatu nahian. Etxetik indarrez atera duten emakume adineko horrek eramango al du egoera? Zer esango dugu? Bere buruaz beste egin duela erotu zelako? Bere hautu pertsonala izan zela?

Eta badira modu kontzientean hautu pertsonal hori egiten dutenak, zalantzarik gabe. Horiek ere begirunea merezi dute; horientzat iraina da buru osasunaz hitz egiten hastea. Nazioarteko Egun horiek batzuetan ez daude sobera.

Más información