izitza eta heriotza duintasunez bizitzea eta azkentzeaz hitz egiten dugunean, zertan hitz egiten ote dugun. Horixe galdera.

Azken hilabeteotan, COVID-19ak harrapatutako gaixoak (eta hauen artean nagusiak) heriotzaren atzamarretatik askatzeko ZIUak bete ditugu eta medikuen esku dagoen guztia egin da eta egiten ari dira, pertsona eta nagusi horiek bizirik manten-tzeko. Bestetik, Zaldibarreko zabortegian bizia galdu zuten langileen gorpuak berreskuratzeko izugarrizko ahaleginak egiten ari dira, azken duina eskaintzeko.

Hirugarrenik, Libanon, hilabete ondoren, hondamendiaren hondakinetan bizirik legokeen norbaiten bila hasi dituzte bilaketa prozesuak eta ahal den guztia egingo da, ustez bizirik legokeen hori edo horiek bizirik berreskuratzeko. Eta hala behar du. Ahalegin oro, bizitza zaintzeko eta berreskuratzeko eta heriotza duintasunez tratatzeko.

Zer gertatzen da, ordea, duintasunez bizi ez denaren eta duintasun gabezia horri bukaera jarri nahi dionarekin? Bizitza ez duina ez da bizitza. Eta heriotza ez duina arbuiagarria da.

Alain Cocqek, 57 urteko frantziarrak, ez du besterik eskatzen. Duintasunez hiltzeko eskubidea. Gehiago sufritzen ez jarrai-tzekoa, alegia.

Frantses legediak ez du eutanasiarik baimentzen. Hartara, inork ez du erantzukizunik hartu nahi. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak argi jakinarazi dio Alaini. Eta bai baimentzen du pertsona bat sufritzen (Alain Cocquek deskribatzen duen eran) mantentzea. Nor da, bada, horren erantzule?

Facebookek ere kontua itxi dio Cocqeri, ezin baitu bere buruaz beste egiten duen norbaiten irudirik zabaldu. Ez du horren erantzule izan nahi. Baina guztiok dakigu Alain Cocqek jateari, edateari eta medikamentuak hartzeari utzi diola eta hiltzen ari dela, ez gure begien aurrean (legeak ez baitu uzten), ez ezein medikuren eskuetan (legeak ez baitu uzten) baina bai gu guztion eskuetan, ezer egiten ez dugun bitartean.

Zenbat bizitza ez duinen arduradun izan behar dugu herritarrok? Noiz arte?