SOS Kultura

Badira herrialdeak zeintzuetan irakasleak diren herrialde horretan sozialki hobekien kontsideratuta dauden profesionalak, gizartearen etorkizunari begira, eraiki nahi duten gizarte ereduarentzat estrategikotzat jotzen direlako. Beste herrialde batzuetan, medikuak dira maila horretan jartzen direnak. Beste hainbatetan, ikerlariak. Eta aldameneko batean, ezaguna zaigu, pandemia garaian izandako rol bereziagatik, guardia zibilaren ordain-sariak igotzea erabaki dela.

Ereiten dena jasotzen dela dioen esaera ezaguna zaigu. Eta horixe da, hain zuzen ere, galdera. Bihar zer jaso nahi dugun zehaztea eta, horretarako, zer eta ze indarrez ereiten hasi behar dugun erabakitzea.

Zeintzuk izango dira gure herriaren etorkizunean bereziki indartuko ditugun arloak? Zein arlok markatuko du, benetan, gure bereizgarritasuna? Zer dela eta jarraituko dugu euskaldun izaten?

Badira herriak, eta ez oso urruti, herri handitzat ditugunak, zeintzuek kulturaren aldeko apustu garbia egin izan duten. Eta ekonomiaz, eta azpiegiturez, eta hezkun-tzaz, eta osasun sistemaz eta abarrez gain, beraien kultura zaintzea eta indartzea lehenetsi dutenak, sortzaileei gizartean leku ikusgarriago bat eskainiz. Zerbait garrantzitsua dutela esateko ulertu dute. Herri horren izenaren eta izanaren oinarri direla. Herri indartsuak dira, kultura indartsua dutelako. Kultura baita herri baten bereizgarri behinena.

Galdera, beraz, zera da: bizi dugun osasun krisiaren ondoren, zeinak hankaz gora utzi dizkigun orain arte zehaztutzat genituen aspektu asko eta asko, ze leku emango diogun kulturari etorkizuneko herri politiketan. Argi ote dugun kultura dela, benetan, herri hau egiten gaituena eta ez herri hura.