auteskundeak gero eta gertuago ditugu EAEn. Beharbada baitezpen hori biribilegia da garai hauetan, hilabetetik hilabetera dena, edo asko, gutxienez, alda daitekeela dakigunean. Baina hauteskunde usaina dugu, fase usain eta negoziazio usainekin batera nahasia. Aurreko zutabe batean EAJk hauteskundeak egiteko duen presaren aurrean nire harridura azaldu nuen, eta hipotesi bat garatzen ari nintzela iragarri. Gaurkoan hasiko naiz hipotesi hori garatzen. Uste dut EAJk irabaziko dituela uztailean izango ditugun hauteskunde horiek; baina uste dut udazkenean egingo balira ere, irabaziko lituzkeela eta, era berean, 2021ko neguan edo udaberrian edo udan egingo balira ere, irabaziko lituzkeela. Ez dut ulertzen, benetan, EAJk duen presa, edo duen beldurra. Nire iritziz, EAJk hauteskunde guztiak irabaziko ditu 2029ko abuztuaren 14ra arte, behintzat.

Zergatik data hori? Hasieran zenbaki erabatekoago bat aukeratuta nuen, 2030, hamarkada osoa biltzeko, baina gero, askotan ematen zaigun aholkuari jarraiki, nire NAN hartu dut ea zer jartzen duen begira-tzeko, eta ikusi iraungitze data ("iraunaldia" ipintzen du bertan) horixe dela, horixe dela nire infinituaren muga, eta pentsatu dut Espainiako Erresumak kontsideratzen badu egun hori iritsi bitartean bizirik egongo naizela, ea nor naizen ni eztabaidetan hasteko.

Horrek, azkenean, ez du axolarik. EAJk irabaziko du, jende guztiak hori nahi duelako. Are gehiago, EAJri botoa ematen ez diotenek ere horixe nahi dute. Ez naiz iruzurrez hitz egiten ari (oso kontu zaharkitua da) eta, bai, hautesle askok beste alderdiak aukeratu dituzte. Baina zerbait dago airean (EAEko airean), ezin azalduzko zerbait, psikoanalisi sakonena beharko lukeena argitzen hasteko, edo hipnosia edo teoria askoz esoterikoago bat, gogoen substantzia-aldeketa ia teologikoa, esate baterako, nik zer dakit, zientzia (sic) politiko arrunta hankamotz gelditzen baita. Ez diote EAJri botoa ematen, ez, baina arrekontuak direla, kogobernantza dela (totem berria), oposizio arduratsua dela, nazio eraikuntza dela, nik zer dakit, hor segituko du Urkulluk infinituraino eta harantzago.