020ko Euskaraldiaren emaitzak ez omen dira izango hasieran aurreikusitakoak. Arlo sozioekonomikoko agenteen aldartea bestelakoa izango dela dio Miren Dobaran andreak, Hizkuntza Politikako Sailburuordeak. Eta egia da. Krisi garaian, premia biziko kontuak eta urgenteak direnak jartzen dira lehen lerroan, eta gero gerokoak. Ulergarria da, hein batean. Baina erregela bera erabilita, egin dezakegu beste irakurketa hau ere: krisi garaian erakusten da, benetan, zeintzuk gai diren gobernu edo herri batek indartu nahi dituenak. Eta euskara, honakoan ere, ez da "salbatu" den gai horietakoa izaten ari. Dobaranek berak aitortu du, saiakera egin arren, pandemiaren gainean ematen ari diren informazioak euskaraz prestatzeko zailtasunak izan dituztela.

Horrelako egoeretan erakusten da, ordea, zenbaterainoko garrantzia duen euskarak gure egunerokoan eta zenbaterainokoa den itzulpenarekiko dugun menpekotasuna.

Euskaraldian enpresek, ahal dutenek, egingo dute ahalegina bezeroa euskaraz arta-tzeko: lehen hitza euskaraz eskaintzeko, lehenbiziko harremana euskaraz izan dadin, eta belarriprest eta ahobizi rolak sustatzeko.

Hemendik Euskaraldira, ordea, asko falta da. Eta gauza berriak egiten hasteko pandemia bukatu arte zain egon beharrean, eta egoera berriei ahal dugun moduan egokituko ga-tzaizkiola pentsatu beharrean, eman ditzakegu, jada, urrats batzuk.

Bat bururatzen zait oso erraza dena eta zera da: ETBk eskatzen dituen korte guztietan, euskaraduna den parte hartzaileari, euskaraz aritzeko gonbita zuzena egitea eta gaztelaniazko korterik ez eskatzea (azpitituluak horretarako daude).

Euskaraldiaren helburua hizkuntza ohiturak aldatzea da. ETBk ere alda ditzake korteak hartzerakoan darabilena. Horrela, batzuk, belarriak prest izatera bultzatuko gaitu; besteak, ahoak biztera; ikus-entzuleek, euskaraz bizi den herri bat ere badela ezagutu dute; eta euskaraz bizi garenon-tzat, telebistan agertzen diren pertsonak ez zaizkigu urrutiko egingo. Ni neuri oso arrotza egiten baitzait gaztelaniaz entzutea nik neuk euskaraz egiten dudan jendearen hizketaldia. Ez dakit zuei.