Zirrikituetatik begira

Balio propioa

13.04.2020 | 00:27
Balio propioa

etorkizuna ez omen da berdina izango. covid-19 pandemiaren geroaz hitz egiten hasiak gara: merkatua ahulduko zaigu, neurri ekonomiko erradikalak hartuko omen, ongizatearen estatua berreskuratu beharko, osasun sistema eta zaintza ereduak berraztertu, sektore estrategikoak birpentsatu, politikak zentralizatzeko arriskuari aurre egin, digitalizazioa eta telelana bizkortu, kon-tsumo eredua aldatu, tokiko ekonomia sustatu€ eta, dekretuetan premia biziko langintzetan sartu ez den arren, sentitzeko eta amets egiteko makina indartu.

Aipatu ditugun aldaketa horiek guztiak eta aipatu gabe gelditu direnak ere, modu inpertsonalean izendatzen ditugu: egingo dira, gertatuko da, beharko dute€ gure esku hartzea ezinezkoa balitz bezala.

Bihar, herritar asko eta asko lanera bueltatuko dira/gara. Eta bai politikariak eta bai herritarrak ere, krisiari aurre egiteko neurriak pentsatzen hasi beharko dugu jada, eta lehen pertsonan.

Erakunde publikoek hasiak beharko lukete, jada, etorkizuna irudikatzen eta herritarrok ere, herri elkartasuna aktibatuta, ahalegin berezia egin beharko dugu baliabide publiko horiei lehentasunak finka-tzeko eta hartuko diren erabakiei bultzada emateko.

Krisiak kolpatutako sektore guztietatik, ordea, eman diezaiogun kulturari dagokiona baino gehiago. Herri bat ezerk edo nork aktibatzen badu, izateko eta amets egiteko nahia eta ahalmena baitira, kulturak, bere adierazpen askotarikoen bidez, egiten duena.

Kultura, konfinamenduan, ez da asperduratik ateratzen gaituen denbora-pasarako tresna majikoa. Sortzaileak ez dira gu asperduratik ateratzeko etxeetan sartzen zaizkigun titiriteroak. Eta konfinamendua ez da beraiek hobeto lan egin dezaketen garaia. Inork ez du lau hormen artean lan egin nahi. Sortzaileak, gainontzekook bezala, herritarrak dira, beren lana behar den bezala egin ezin duten langileak. Alde bakarra da, beraiek, giza izaera duintzeko eta bizitzari zentzua emateko lan egiten dutela. Batez ere, gero ere izango den herriari balio propioa emateko, alegia.