Asteburuan sailburuordeak eta arloko zuzendariak atera ziren telebistan eta gehienok pentsatu genuen zerbait falta zela, zerbait baino gehiago norbait, ziur aski. Berriak nahasiak ziren, gero eta izugarriagoak, langile desagertuak desagertu kategoriatik hildako kategoriara azkar pasa ziren, fikzioa matentzen zen arren, eta batzuok mapak zabaldu genituen ordenagailuetan Zaldibar eta zabortegia zehazki non dauden jakiteko. Astelehen goizean, azkenik, bi sailburu agertu ziren telebistan: haietako batek, (ustez) sozialista denak, azpimarratu zuen zabortegia enpresa pribatu batena zela, Eusko Jaurlaritza ez zela jabea, eta ni geratu nintzen pentsatzen (ustez) sozialista hauekin ez dugula liberalik edo neoliberalik behar. Astelehen arratsaldean lehendakaria hauteskundeak aurreratuko zituela iragartzeko agertu zen; kazetari batek zabortegiari buruzko galderari eran-tzun zion Urkulluk burgoi, fisikoki ez baina bera Zaldibarren egon dela, eta haserre, Interneten dabiltzan kanpainei ez diela kasurik egingo.

Berri nahasiak ez dira bukatu: amiantoarekin batera kontu arraroak agertzen dira egunero, txostenak, salaketak, susmoak. Agertzen ez direnak (oraingoz behintzat, lerrook idaztean) langile hilak dira; izenak, bai, izenak agertu dira ezkutuka bezala (horretarako ere legeak daude): Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán. Zaborpetik ateratzeko operazioak arriskutsuak direnez, gelditzen dituzte edo abian jarri, langile gehiegi hil zaizkigulako aurten, ezta? Ea ikasten dugun bereizten, lehendakariak esan bezala, lan istripuak eta hondamendi naturalak. Dena da metaforikoegia, sinbolikoegia. Zaborra. Azken ekaitzen ondoren kostaldearen egoera ikusita, baten batek idatzi zuen itsasoak bueltatzen digula guk geuk opari diogun zabor guztia. Zaborrak estaliko gaituela esaten zen, gaur esan dezakegu zaborrak estali gaituela jadanik. Estali eta agerian utzi, aldi berean. Non egongo dira leihoetatik zabor poltsak zintzilikatzen zituzten haiek? Dena da metaforikoegia, sinbolikoegia; hildakoek, baina, ez dute metaforarik behar.