guberri inguruan izan zen aski zalaparta Urkullu lehendakariaren mezuekin. Aholkulariren batek idatziak izango ziren, baina prozedura desegokiz: erdaraz pentsatu eta euskarara itzuli. Itzuliak nekez izan dezake jatorriz idatzitakoak besteko egokitasun eta indarrik, baina bistakoa zen itzulpenean ere ez zela jende jantzia aritu. Horretan jantzia, esan nahi dut: "Urtero bezela, Gabonaldian ez delarik amaitzen den ezer ospatzen jasotzen den zerbait baizik, iaz eta aurten bereziki Mari Domingi eta Olentzerori Osasuna, Ongizatea eta Bizi-poza eskatu diet". Epelak entzun behar izan zituen lehendakariak, mezuaren arduradun gorenak. Egiari zor, salagarriak ziren idatziaren eta prozeduraren desegokitasuna.

Erakundearen egitura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa da argitaratzen den ororekiko kontrola. Era berean, baina, baliabiderik handienak ere haiek dituztenez, exijentzia-mailarik zorrotzena ere beraiei jarri behar zaie. Esate baterako, ostiralean bertan txio hau hedatu zuen sindikatu abertzaleari, Euskal Herrian ordezkaritzarik handiena duenari: "#Osakidetza plantilla murrizten jarraitzen du. Bihotz kirurgia #Gurutzeta|ko Ospitalera eramatea langileen kaleratzea suposatuko du". Txio horrek ez du iruzkinik izan.

Sare berean pixka bat arakatzea aski da ohar-tzeko Euskal Herrian izan diren frogatutako eta ustezko hainbat ustelkeria kasuri buruz -La Casta Vasca, Kutxabank, Euzkadi SA, El Oasis Vasco, Caso De Miguel...- ikerketan aritzen diren bi kontu nagusiek ez dutela ortografia edo gramatika akats bat bera ere egiten euskaraz. Izan ere, gaztelania hutsean aritzen dira. Kontu horietan ere ez da hizkuntzari buruzko iruzkinik.

Euskaratik eta euskaraz aritzeko exijentzia-mailan, beste hainbat gaitarakoan bezala, bada nahitaez kontuan izan beharreko eskala bat: baliabiderik eta erantzukizunik handienetik txikienera. Bigarren eskala bat ere baliatu behar genuke: hurbilenekoei lehenik. Lehenbizikoan gehiegitan huts egiten dugu, bigarrenean gehienetan.