ertsolaria kokatzen da ezerezaren aurrean, inor ezagutzeko moduan argiztatu gabeko entzuleen ikuspegi lausoaren aitzinean. Mikroari heldu dio, bi zentimetro altxatu du. Lau pauso atzera, begirada makur. Berriz aurreratu da. Oraingoan hiru zentimetro jaitsi du mikroa, neurririk hartu ezin balio bezala. Gai-jartzaileak eman dion gaiari, edo plazari, edo auskalo zeri, ez dio heldulekurik aurkitzen. Hala da, egoerari neurria hartu ezinik dabil. Ez dauka azken punturik, bertsoa bermetxoren batekin hastea ahalbidetuko dion gutxieneko oinarririk, baina segundoak arin doazen irudipena du, bertsozaleak hutsarteari luze iritzita egongo diren beldur da. Eta abiatu da. Hutsean eroria, ezerezean amildua.

Ostiralean Twitter bidez zabaldutako mezua, Angel Erro idazle eta zutabegilearena: "Gaur ez dut bururik ez gorputzik ideia erdi bat ere garatzeko, eta hor ditut asteburuko bi zutabeak zain". Proposamenen bat egin diote, eta eskertu ditu. Ez dakit jaramonik egin ote dien. Carlos Battaglinik ere bizi izan ditu antzeko egoerak: "Llevo unos veinte minutos enfrente de la pantalla sin saber qué decir. El polvo en suspensión se expande en mi habitación como un big bang doméstico, troceado en partículas informes que acaban pegándose al teclado, a la letra S, a la letra O, a la letra Y de esperanza, a la letra A de ahora." Izenburu hauxe jarri zion artikulu hari: "No tengo nada que decir".

Bertsolari garaikide bati behin baino gehiagotan entzun izan diot: "Manuel Lasarte artista zuan ezer esan gabe bertso ona egiten". Burlaizez esaten zuen, niri laudorio bikaina iruditzen zait berriz.

Batzuetan ez da esatekorik deus izaten. Aldian behin ezer ez esateko gogoa ere bai. Eta, inoiz, ezer ez dudala esan nahi esatekoa.