i urtez begiak izan ditugu agerian. Ahoa maskaraz estalirik, irria bahiturik, askotan kosta egin zaigu arras ezaguna genuen jendea ezagutzea ere. Begietan biltzen da nagusiki gure adierazkortasuna. Begietara ere begiratu egin behar, ordea.

Arthur Aron psikologoa da, New Yorkeko Stony Brook unibertsitateko irakaslea. 40 urte daramatza amodioa ikertzen. Amodioa, adiskidetasuna, intimitatea, gizakion arteko harremanak sendotzen laguntzen duen oro. Haren ikerketak oinarri, Amnesty International erakundeak proba bat egin zuen 2016an. Berlingo lokal industrial huts batean bi aulki jarri zituzten, aurrez aurre, eta binaka eserarazi hainbat pertsona. Aulki batean beti europar bat, bestean errefuxiatu bat. Lau minutu eman zizkieten elkarri begietara begiratzeko. Lau minutu, bi begi, mundu bat.

Janzkerak, azalaren koloreak, begiradaren izuak... ematen dute europarra eta errefuxiatua bereizteko aski zantzu. Begietara so, biluz sentitzen dira denak. Menturaz norberaren begiak eta zauriak ikusten dituzte aurrean duten ezezagunaren bisaian. Emeki-emeki ireki egiten dira, bigundu, urtu. Ez dago algararik, irriño zintzoak eta malko mingotsen bat baizik. Hitzak urri dira. Berlinen berria den galdegin dio 45 urteko emazteki azal-xuriak asiar begitartea duen adin bertsuko gizon bati. Baietz erantzun dio, zortzi hilabete. Bakarrik ala familiarekin dagoen galdegin dio ondoren. Bakarrik dagoela ihardetsi dio, naretasun handiz. “Bakarrik nago... Bizitza hau batzuetan ona da, besteetan ez.” Emakumea malkotan urtu da. Bi mutil gaztek elkar besarkatu dute lau minutuak igaro ostean. Neska-mutil batzuk elkarrekin zoologikora joatekotan geratu dira. Bi haur, Afra siriarra eta Hania poloniarra, elkarri begira egon eta gero harrapaketan hasi dira.

Begietara lau minutuz begiratzeak beste ezerk baino gehiago hurbiltzen bide ditu pertsonak. Zenbat harresi eraitsiko genituzke?