Tristea bezain mugatzailea da, aldi oroz gure jarrera trinkotu eta berretsi beharraren beharrez, harreman pertsonal zein birtualak geure ikuskera bereko jendearen igurtzira murriztea. Besteren jarrerez aberasten saiatzea funtsezkoa du norbere bilakaerak. Alabaina, mugarik jarri behar ote litzaioke harreman-sare horri?

Elizabeth Duval idazleak asteon txiokatu du honakoa: "Gaur oso haserretutako jendea dago, nik esan baitut adeitasunez eta begirunez hitz egin dezakedala nire antipoda ideologikoetan dagoen norbaitekin. Agi danez, sututako jende horrek nahiago du aurkari ideologikoen baitan dagoen alderdi gizatiarra ez ikusi; edo nahiago du, besterik gabe, iritzirik ez trukatu". Elizabethek ez du, ordea, halako irekitasunik erakutsi zenbait jarrerarekiko.

Non jarri beharko genuke muga? Edo ez genuke mugarik behar? Iritzi-trukerik izan beharko al genuke begirunearen arrastorik ez duen norbaitekin? Eta gure hizkuntza desagerraraztearen alde daudenekin? Demokrazia errotik deuseztatu eta denok diktadura batera eraman nahi gintuzketenekin? Garai eta estrategien arabera, gutako edonori tiro bat emateko prest legokeenarekin? Zer onura dakarkigu horrelakoekiko trukeak nor blokeatu erabakitzen laguntzeaz gain?