Bihurgunez eta zirrikituz betea da pertsonen eta komunitateen psikologia. Dohain eta ahal handirik gabeak ikusten ditugu gandorra tentetuta, eta dena duketenak konplexuz beterik. Gure herri laurgitu honen ildo nagusiak erabakitzen dituzten bi estatu ahaltsuetan, kezka bizia dagoke frantsesaren eta gaztelaniaren etorkizunaz, bat-batean denei ahantziko ote zaien beldurrez edo. Espainian Hezkuntza lege berriari lehen oniritzia eman izanak erabat asaldatu ditu hainbat alderdi, elkarte eta norbanako. Sare sozialetan eta hedabideetako foroetan bereak eta bi esan dituzte gaztelaniak zenbait erkidegotan lehen zuen estatusa galdu izanagatik. Izu horiek aireratu dituztenetako askok gaztelaniaz baizik ez dakite, baina ez dute arta handirik beren hizkuntza bakarra txukun antzean hitz egin edo idazteaz. Esan beharra dago: gaztelaniaz oso maila kaxkarra dute beste hizkuntzarik ez dakitenek. Lehenbailehen antolatu beharko lukete Erdaraldiren bat. Ez lehen hitza erdaraz esateko -beste erremediorik ez dute koitaduek-, ganora pixka batekin hitz egiten edo idazten ikasteko baizik.

Horretaz arduratu beharrean, Euskaraldia, edo euskararen inguruan ardaztutako zernahi ekintza, jartzen dute beren gezien jomugan, eta, bitxia hau ere, beti euskara batua erdi-erdian. “Benetako euskaldunek maite ez duten hizkuntza artifiziala -nola maiteko dute, bada, ez dute ulertzen eta!-, asmakizun hutsa, sentimenduak adierazteko balio ez duena, dialektoen xarmarik eta samurtasunik gabea.” Zer nolako trebezia ezagutzen ez duten hizkuntza baten on-gaitzak atzemateko! Egun onik emateko gauza ez, eta batuaren artifizialtasunaz eta euskalkien goxoaz jabetu. Ustez dakiten hizkuntza bakarrean azentu-markarik jartzen jakin ez, baina guri hatxea “asmatu” izana leporatu. Eta horrelaxe kontuak, aizue..