Kyle Maynard 1986an sortu zen AEBetan, Georgia estatuan. Gaitz genetiko batekin jaio zen, “sortzetikako anputazioak”. Ez du belaunik ez ukalondorik, ez oinik ez eskurik, eta gorputz-adarrak oso laburrak. Guraso haien abaildura irudikatzen dut, haurraren gabezien berri izatean. “Ezinezkoa zenik ez zekielako lortu zuen”, entzun izan dugu. Kyle horrelaxe jaio zenez, txikitatik ohitu da ezaugarri horiekin bizi izatera. Ume-umetako argazki eta bideoetan haur bizi, aktibo eta irribarretsu bat ikusten da, geroztikakoetan ere bai. Beti borrokan, beti lehian: arte martzialetan, futbol amerikarrean...baina batez ere bere mugen aurkakoan. “Hiru printzipio handitan sinesten dut: bizitzak jarritako zailtasun eta trabei aurre egiteko, beti jarrera positiboa; egoera bakoitza ahalik eta gehien zukutu; erronkei beldurrik ez badiezu, zernahi lor dezakezu.” Bere bizi-esperientziez liburu bat idatzi zuen, best seller bihurtu zena: “aitzakiarik ez”.

Noizik eta behin bizikletaz errepidera irteten garenok beti jakiten dugu jarduera horrek berekin duela arriskua. Lasterka saio bat egitera irteten garenean, ostera, ez dugu pentsatzen sekula ezer txarrik gerta daitekeenik. Iragan astean istripu gogorra gertatu zen Getarian. Auto batek bi lasterkari harrapatu zituen, eta biei zauri larriak eragin. Horietako batek beste era batean bizitzen ikasi beharko du ezinbestean. Haren inguruko denak kezkak urtuta egon dira ondorengo egunetan, baina hara non, bat-batean, mezu bat idatzi zuen zaurituak berak: “Ez dago minik, soilik ilusioa!” Kyle etorri zitzaidan gogora. Benetako barne-indarra duenarentzat, sekula ez dago amore emateko aitzakiarik.