Selfie deitzen diegu geure buruari ateratako argazkiei, ingelesak sortutako neologismoa da. Euskarara moldatu behar bagenu, ez luke self-hi hitzak balioko, senf-ni beharko luke, izatekotan ere. 2002an argitaratu zen selfie hitza lehen aldiz, 2013an “urteko hitza” izan zen ingelesez, eta 2020rako milioika pertsona kontzeptu hori gabe ezin bizi izaterainoko bidea egin du. Selfniak sarean jartzen ditugu berehala. Une berean ezin bada, lehen estaldura edo wifi marratxoa harrapatu orduko. Ez dira guri inork ateratako argazkiak, edo noizbait norbaitek atera eta ahanzturaren kaxoian kasualitatez aurkiturik erakutsi nahi izaten ditugunak. Ez, une oro zer egiten ari garen erakutsi nahi izaten dugu, non gauden, zein paisaiari eman diogun gure lehen plano batekin ohoratua izateko pribilegioa.

Selfnia ateratzeko orduan zuhurtziarik oinarrizkoena ere galtzen du zenbaitek. Bada sanferminetako entzierroan zezen artean doala bere buruari argazkia atera dionik; zubi, amildegi edo etxe orratz baten ertzeraino menturatu denik; martxan zihoan tren baten gainera igo eta bizia arriskatu duenik. Arriskatu eta galdu. Ingelesak badu fonetikoki selfie hitzaren oso hurbileko beste bat: selfish. “Berekoia” esan nahi du. Biek “self” dute jatorri, “neu”. Strathclyde, Ohio eta Iowako Unibertsitateek gaiari buruzko ikerketa bat egin zuten. 18 eta 40 urte bitarteko 800 gizasemeren jokaera eta joerak aztertu zituzten, eta nahasmen psikikoak izateko arrisku handiagoa dutela ondorioztatu. Ez dakit zergatik mugatu ziren gizasemeetara, zioren bat izango dute baina. Dena den, selfie libururik sonatuena Kim Kardashianek atera zuen. Selfniz beteriko 352 orrialde, alajaina. Eta izaera izenburu: Selfish.