Gatazkak konpontzeko funtsezkoa omen besteren larruan jartzea. Esku-pilotako bi enpresa nagusien arduradunenean sartzeko ahalegina egin dut. Urtearen buruan egun on asko izaten dituzte oraindik, baina ugaritasunik handieneko urteak pasatuak lirateke. Pandemiak estutasunak areagotu zituen, eta itxialdi osteko garaiak ez dira errazak. Jaialdiak asko murriztu dira, sal daitekeen sarrera kopuruak ere muga handiak ditu... Aro korapilatsua. Edozein gisaz, Asperen pilotari taldea Baikorena baino aise garestiagoa da, han baitaude azken lau urteetan txapelketa guztiak irabazi dituzten izarrak. Horrez gain, publizitatea Baikok kudeatzen du. Pentsa liteke, beraz, egoera larriagoan behar lukeela Aspek, baina Baikoren bulegoetan lehertu da afera.

Prentsaren aurrean protesta egin duten pilotarien larruan sartzeak ahalegin txikiagoa eskatzen digu, haiekin enpatizatzeak errazagoa dirudi. Egoera jasanezin baten berri eman zuten, eta arrisku handiak hartu dituzte. Ez dakigu zein irakurketa egiten duten protestekin bat egin ez duten hiru pilotariek. Haien azalpenen faltan susma daitekeena susmaturik, bolada desatsegina datorkiela dirudi. Ea kudeaketan asmatzen duten.

Ezkirotz eta Victorrena dramatikoa da, kirol mailaren ikuspegitik guztiz ulertezina. Horrekin ematen den mezuak kezkatzen nau. Pilota kirol gogorra da, 105 gramoko harrikoskorrak min ematen du eskuan. Zer motibazio izango dute gaztetxoek pilota goxotik gogorrera pasatzeko kinka gaiztoan? Zein bideri helduko diote, ondoan beste hainbat tentazio izanik, pilotari profesionalak egoera prekarioan daudela eta maila bikainekoak hasi berritan etxera bidaltzen dituztela ikusirik?

Une kritikoa bizi du esku-pilotak. Pilotari profesionalen elkarte baten sorrerak ez lioke inori beldurrik eta atzerakorik eman behar, gauzak beste gisa batez egiteko abagunea dela pentsatu behar genuke. Irakurketa egokia egin, elkarlana eta elkar ulertzea bultzatu eta denok besteren larruan jartzeko ahalegintxo bat egiten badugu, oraindik ez da berantegi. Gure jardunbidea mehatxuetan, inkomunikazioan eta mendekuan oinarritzen badugu, urte gutxi barru museoko pieza bihurtzeko arrisku bizian dago pilota.