Galdera zailik ez dago, erantzunak izaten dira zailak. Erantzun zaileko galdera asko egiten dizkigu etxeko txikienak. Eta logika handikoak. Lehengoan, brau bota zidan: "eta orain nola moldatzen dira lapurrak?" Lapur txikiez ari zen. Gaizkintza mota horrek beherakada nabarmena izan du, baina lapur handiek berdintsu jarraitzen dute. Txirritak ederki bereizi zituen batzuk eta besteak: Lapur txikiyak kastigatzeko nun-nahi badago kartzela, kupira gabe ematen zaio denbora askoko itzala, esanaz "egindako okerrak hantxen pagatu ditzala"; haundiyak libre ikusten dira pasiuan dabiltzala, ez projimua maite bagendu gere burua bezela. Gaizkintza ez da lapurretara mugatzen. Orain fake news deitzen zaien horiei beste era batera deitu izan zaie euskaraz: gezurra eta zikina. Caritas erakundearen izena eta logoa erabili dituzte gaizkile batzuek 2025. urtera arteko bonoak eskaintzeko. Horrelako eskaskerietarako ez dago etxetik irten beharrik, aski da ordenagailua, denbora eta talentu pixka bat. Ez zen talenturik gabea Forgesena zelakoan zabaldu den artikuluaren egilea ere. Dituen dohainak ongintzarako erabiliko balitu... Eskaskeriak soilik ez dira bistaratu bizi dugun larrialdian, jende on ugari dago bazterretan. Besteei laguntzearren norbere bizia arriskuan jartzen duten mediku, erizain eta zaintzaileak; jendaurreko zerbitzuari uko egin ez dioten saltzaileak; maizterrei errentak barkatu edo atzeratu dizkieten etxejabeak; unibertsitateak Osakidetzara bideratutako material bidalketa kobratu ez duten garraiolariak; adineko pertsonei erosketak egiten dizkieten boluntarioak... Biba zuek.