Aspaldi konturatu nintzen errazagoa dela euskararik ulertzen ez duten pilotariak kritikatzea. Handik puska batera ohartu nintzen joera horri kontra egin nahiak beste muturrera eramaten ninduela maiz. Geroztik hor nabil, denak neurri berberaz juzgatu nahirik, kritikatuaren ulermen mailari erraparatu gabe. Halere, horrek erakutsi dit aise errazagoa dela distantziatik kritikatzea, eta pilotaren mundua, euskararena bezala, oso eremu murritzekoa da. Afera ez da pilota emankizunetara muga-tzen, astero hartaz eta huntaz idatzi beharrak ere sentiarazten du aski distantzia ez izatearen presioa. Esate baterako, lankide ohi eta lagun duzun norbait lehendakarigai izendatzen dutenean. Nola idatzi behar nuke haren jokaeraren bati desegoki edo bidegabe iritziko banio? Zorroztasun osoz, ala, lagun bati zor zaion moduan, min ematea saihestu eta haren sentiberatasuna zainduz? Ez al nuke saihestu behar, ordea, urrunagokoa dudan beste edozeini min ematea ere? Eta nola neurtu hori, batzuen azala hain fin eta besteen larrua hain sendo izanik? Xabier Amurizak Enaz, banaz liburua idatzi zuenean bezala, "alferrikako minik ez eragitea" izan liteke, menturaz, oinarrizko irizpidea. Joera hauek guztiak auto-defentsarako mekanismoak dirateke, lurrez eta hizkuntzaz eremu zabalagokoak bagina askoz laxoagoak liratekeenak. Hor datza gure oreka, eremu txiki honetan moldatzeko gai izatean, geure nortasun, pentsakera eta iritziei uko egin gabe. Ferekak fereka eta purrustadak purrustada.