Gregorio Ordoñezen hilketa basatiaren 25. urteurrena bete den honetan, haren pentsakera eta ideiak aldarrikatu ditu Ana Iribar alargunak, baita Aznarrek eta Casadok ere: "Goyo defendía que se puede ser vasco y español." Nola ez, bada! Une honetan, hain segur, gehiengo lirateke horrela sentitzen direnak, eta espainiar sentitzen ez garen euskal herritarrok noizbait gehiago izatera iritsiko bagina ere, kontuan hartu beharko genituzke gureez bestelako sentipenak dituzten herritarrak.

Euskal Herrian espainiar izateko modu bat baino gehiago daude. Badira euskal ezaugarriekiko ezagutza eta begirunea erakusten dutenak. Beste batzuek, jakina, horren ukazioa dute beren espainiartasunaren ardatz. UPNko Silvestre Zubitur leitzarrak aspalditxo esan zuen: "Niretzat berdin-berdinak dira gipuzkoarrak eta burgostarrak."

Fitur azokan standik onenaren saria eman diote Euskadikoari. Inaugurazio ekitaldiaren ondoren erabat asaldatutako jendearen txioak irakurtzen hasi nin-tzen. "Euskadiren standean dantzari flamenko bat jarri dute. Auzolotsa. (.) Performance hau soilik ulertu daiteke autogorrototik, asimilaziotik eta konplexuz beteriko mentalitate batetik". Neu ere auzolotsa sentitzen hasi nintzen. Lehen bideo zatitxoa ikusi nuen arte. Performancean Adriana Bilbao flamenko dan-tzaria ageri da. Ondoan bi harri-zulatzaile, musikaren erritmoan kolpeka. Eta denen gainetik Beñat Axiari kantari donapaleutarraren ahots sentimenduz betea. Azken honen presentziak pentsarazi zidan txiolari asaldatuek harrapatu ez zuten zerbait bazegoela tartean. Mea-tzarien eta industriaren testuinguruan kokatu beharreko koreografia da. Flamenkoaren baitako meatzari kultura irudikatzen du; Espainia hegoaldetik Bizkaiko meatzaldera etorri ziren gizon-emakumeen ekina; bi kulturen baitako fusioa.

Ez da beti erraza fusioak askotan berekin ekartzen dituen asimilazio asmoei iskin egitea baina, halere, ez da askoz hobea bakoitza berean gotortutako gizarte baten perspektiba.