adakigu zein den leku batean sartzen garen lehen aldia, baina zaila izaten da jakitea noiz ateratzen garen handik azken aldiz. Aste honetan itxi ditu ateak Bodegoiak, Gasteizko taberna mitikoak. Agian nire gaztaroko istorio gehien gordetzen duen taberna da, beste hainbestena bezala. Komentario batzuk irakurri ditut han eta hemen galera honek sortutako tristezia adieraziz, eta uste dut notiziak hainbeste astindu gaituela sentitzen dugulako ez dugula taberna bat galdu, baizik eta gure bizitzako garai bat, agian askeena, zoroena, alaiena.

Baina gauza gehiago ere galdu ditugu. Adibidez, bertan musikari zor zitzaion errespetua eta ematen zitzaion garrantzia. Oraingo taberna askotan fondoko hari musikala baino ez dena, garai hartako Bodegoian komunikazio tresna bat zen. Gogoan ditut barraren beste aldeko disko haiek, hainbeste aldiz atera eta gorde, azala gastatuta zutenak: The Cult, AC/DC, Hertzainak, Lou Reed... Jendeak musika entzuten zuen, jarritako musika estimatzen zuen. Musika rockeroagoa zen barra barruan Jon zegoenean, ukitu mod edo ingelesekoa zen Kikerekin, euskaldunagoa eta lasaiagoa Mikel zegoenean, argi erakutsiz tokiek eta giroek batez ere pertsonek egiten dituztela.

Bodegoia ere euskal rock erradikalaren topagune garrantzitsua izan zen, eta baita euskararen babesleku eta arnasgune gure hirian, beste herri batzuetatik etorritako Unibertsitateko ikasleen ekarpenari esker hein handi batean. Harrera-lekua ere izan zen, eskale bat erakunde bihurtzeko gai izateraino. Gaur egun tabernaren batek halako maitasun eta begirunez hartuko luke Somorrostro bezalako pertsonaia bat?

Bodegoiak etxe bat eman zion jende askori, edozein unetan joateko leku bat, ez bakarrik azken orduan, beste tabernak ixtean jendetza iristen zenean, baizik eta arratsaldean kafe bat hartzera edo gauean bokata bat afaltzera. Han gertatutako gauza asko gogoratzen ditut, baina batez ere lagunekin egindako barreak. Ni oso zoriontsua izan nintzen hor barruan. Eta eskerrak eman nahi dizkiet Kike, Jon eta Mikeli espazio eder hori sortzeagatik.