biltzera ateratzen diren andre batzuk, hain doaz azkar, urteak atzetik segika dituztela ematen du, haiengandik ihes egiten saiatzen ari direla. Askotan lagun batekin joaten dira, hizketan, bai, baina elkarri aurpegira begiratu gabe, despistatu gabe, oso modu profesionalean, ibiltzera atera direla ahaztu barik. Eta esango nuke benetan lor-tzen dutela atzetik segika dituzten urteak urrun uztea, gainean batzuk badaramatzate ere (aspaldi dakite besteen begietara "andrak" direla), hain ikusten dira konbentzituta egiten ari direnaz, hain duin, beraien malla, zapatila eta ibiltzeko jakekin, gozamena ematen du haiek ikustea.

Haien adinera iritsiko garen eta, hala bada, nola iritsiko garen jakitea beti da zalantza, baina 60tik gorako hainbat emakume ikusten ditut bizitza aktiboaren, ilusioaren, jakin-minaren eredu direnak. Guztiontzako eredu izan daitezkeenak, haien jarreragatik. Hitzaldi batera joatea besterik ez dago, bertaratutako gehienak emakumeak direla egiaztatzeko, haietako asko adinekoak. Eta ez dut uste kasualitatea denik, gaztaroan askok ez baitzuten aukerarik izan ikasteko, edo aisialdirako denbora, museora joateko, hitzaldi batera, irakurtzeko, kirola egiteko€ Askok senarrarekin batera bazen bakarrik izan dute bizitza publikorako aukera. Askok eta askok ez dute erabakitzeko aukera gehiegirik izan.

Eta orain, ikusten ditut eta benetan pozten naiz, bizitza zukutzea erabaki dutelako: igerilekura doaz, antzerkira, irakurketa talde batean ematen dute izena... Iruditzen zait eredu direla ez dutelako amore ematen ez zimurren aurrean, ez bakardadearen aurrean, ez artikulazioek eragindako minen aurrean edo besteek esango dutenaren aurrean. Miresten ditut.

Urteak atzetik segika balituzte bezala ibiltzen direla idatzi dut, baina agian idatzi beharko nuke ez direla urteak haien atzetik dabiltzanak, beraiek dabiltzala urteen atzetik, geratzen zaizkien horietan zer egin nahi duten erabaki dutelako jadanik.