ero eta indibidualistagoa den gizarte honek gure intimitatearen mugak zabaldu ditu eta indartu egin du gertatzen zaiguna, sentitzen eta egiten duguna soilik gure intimitatearen eremuan ulertu behar dugunaren ideia; guzti horiek indibidualki ulertu behar ditugula bakarrik, "Gure gauzen" parte besterik ez direla. Bizitzan gertatzen zaigun guztia eta erabakitzen dugun guztia hainbat faktore sozial, ekonomiko, kultural eta abarrek gurutzatuta ez balego bezala. Inguruak gure intimitatean eragina izango ez balu bezala: gure sentitzeko moduan, maitatzeko, sexua izateko, zaintzeko, harremanak izateko, hitz egiteko, pentsatzeko moduan. Hitz batean, gure bizitzeko moduan inguruak eragina izango ez balu bezala.

Baina gure ekintzak ez ditugu geuk bakarrik erabakitzen, nahiz eta askotan hala dela pentsatu. Kontuan izan behar dugu hain pertsonala, intimoa eta besterenezina senti-tzen dugun gure erabakia, iritzia edo jarrera oinarri jakin batzuen gainean eraikita dagoela eta testuinguru sozial, kultural eta ekonomiko jakin batean gertatzen dela. Ez dela ezerezean gertatzen.

Eta pentsatzen, sentitzen eta egiten dugunak bakarrik gure izaerarekin eta izateko moduarekin zerikusia duela pentsaraztea da hain zuzen sistema honek erabiltzen duen armarik eraginkorrenetako bat gure etxetik kanpo gertatzen denak gurekin zerikusirik ez daukala sentiarazteko. Izan ere, "Gure gauzak" konpondu nahian entretenituta gauden bitartean, ez ditugu gureak bezala sentitzen munduan gertatzen direnak, eta ondorioz, ez dugu ahaleginik egiten hauek aldatzeko.

Batzuetan kostatu egiten zaigu konturatzea inguratzen gaituen hori guztia gurea ere badela, pertsonala ere badela. Feminismoak aspaldi esan zuen: pertsonala politikoa da. Eta, berriro ere, asmatu egin zuen diagnosian. Etxean egiten duguna, intimoena ere, inguratzen gaituen munduak baldintzatuta dago. Beraz, gizartean gertatzen diren gauzak ere badira "gure gauzak" eta horiek aldatzeko aukera ere badugu, gure jarrera intimoenak aldatzeko ahalmena dugun moduan.