enbat aldiz egin dugu zerbait jakinda ez dugula gure helburua lortuko. Baina, hala ere, egin dugu. Adibidez, nik gogoratzen dut nire umeak txikiak zirenean (bi, hiru, lau urterekin) eta hondartzara joaten ginenean, nik beti sartzen nuela liburu bat hondartzako poltsan, jakinda ezin izango nuela liburua ezta poltsatik atera ere, adi egon behar nuelako une oro umeei begira, haiek zaintzen, haiek atenditzen, ur ertzean zutik, edo hondarrean zuloak eginez. Liburua sartzen nuenean neure buruari esaten nion: Ai koittadua, zeuk ere ez duzu sinisten liburu hori ireki ahal izango duzunik hondartzan. Baina, hala ere, eramaten nuen, badaezpada. Liburua irakurtzea fantasia bat zela jakinda ere.

Nik uste berdin gertatzen zaigula askori beste hainbat gauzekin. Lana bukatu eta gimnasiora joango garela pentsatzen dugu goizean, adibidez, eta poltsa prestatzen dugu. Prestatzen ari garen bitartean badakigu berandu eta nekatuta aterako garela lantokitik eta azkenean ez garela joango, fantasia bat baino ez dela. Baina hala ere poltsa prestatzen dugu, badaezpada.

Urtetan sexu harremanik izan ez duen emakume horrek, adibidez, larunbatero lentzeria erakargarriena janzten du (beno, hau tabernak eta diskotekak gauez irekita zeuden garaian gertatzen zen) gau horretan azkenik norbait aurkituko duelakoan eta berarekin oheratuko dela pentsatuta. Badaki fantasia bat dela, behin adin batera helduta ikusezina bihurtu delako gizonentzat, baina, hala ere, beti janzten du barruko arropa sexya larunbatetan, eta beti sartzen du preserbatiboa poltsan, badaezpada.

Fantasiak dira, baina funtzio bat betetzen dute. Bizirauteko fantasiak behar ditugu, itxaropena ematen digutelako, eta tristea da jendeari fantasiak lapurtzea, edo fantasietan bizi ezin dela esatea.

Horregatik ere egiten ari zaigu gogorra pandemia honek eragin duen egoera murriztailea. Ez soilik egin ezin dugunagatik (horregatik ere noski), baita amestu ezin dugunagatik. Pandemia honek etorkizunerako izan genitzakeen amets askori jaiotzen ere utziko ez dielako baizik.