onfinamendu honek aspaldi egin nahi nuen zerbait egiten hasteko aukera eman dit: liburuak ordenatu. Nola egin pentsatu dut lehenik eta behin: editorialaren arabera, alfabetikoki, hizkuntzaren arabera, generoaren arabera... Pentsatzen dudan bitartean, jolas bat hasi dut. Elkarrekin hitz egiteko moduan jartzen hasi naiz liburu bat bestearen alboan. Horrela, Martin Gaiteren Nubosidad variable jarri dut Carmen Laforeten Nadaren alboan. Eta imajinatzen ditut elkarri kontatuz ez zutela emakume eta idazle izateko garairik onena aukeratu, gerraosteko garai batean bakarrik eta aitzindari sentitzea zer den. Ana María Matuteren Olvidado Rey Gudú bilatzen hasi naiz elkarrizketan sartzeko, Zoomeko elkarrizketa batean jendea gehitzen den bezala.

Ondoren Alice Munroren Demasiada felicidad hartu dut eta Carson McCullersen El aliento del cieloren ondoan jarri dut. Asko izango dute elkarri esateko ipuinaren bi erreginek. Aski ondo eta sakonki ezagutzen dituzte biek gizakien alde ilun eta ezkutuenak. Dorothy Parkerren bila hasi naiz. Hemen da Hona hemen gu biok, Mirentxu Larrañagak itzulia. Ziur Parkerrek baduela irteera burutsu eta gaiztoren bat elkarrizketa oraindik gehiago pizteko. Barre egingo dute elkarrekin.

Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak Walt Whitmanen Yo soy el poema de la tierra eta Henry David Thoreauren Walden-ekin batera jarri dut. Naturaren bitartez gizakien arimaz hitz daitekeela berretsiko diote elkarri, agian, paisaia deskribatuz gizakiaren arima deskribatu daitekeela aldi berean.

Raymond Carverren Catedral eta John Cheeverren Cuentos jarri ditut elkarrekin. Agian elkar ezagutu zuten garaia gogoratuko dute, 70eko hamarkadan, Iowako Unibertsitatean idazketa masterra ematen biak. Orduan, Carverrek berak aitortu zuenez, "Edan besterik ez genuen egiten". Topa egingo dute berriz.

Eta bat-batean zerbait bururatu zait. Zerbait aitor ezina. Inor begira ez dagoela aprobetxatuta, nire liburuak hartu ditut eta gehien miresten ditudan autoreen liburuen ondoan jartzen hasi naiz. Ea kontaktuarekin zerbait kutsatzen didaten.