Zirrikituetatik begira

Bikainak, zertan?

17.12.2019 | 15:12

Punta-puntako kirolariak sortzen ditu Euskal Herriak eta diziplina anitzetan, gainera. Basque Teamek argi dauka: goi mailako kirolariei babesa eskaintzea du helburu, nori bere klubaren edo federakuntzaren bidez, mundu mailako probetarako presta daitezen. Horietara Espainiako banderapean joango dira baina harrobiko harria, esan gabe doa, hemengoa da. Aurreko asteburu honetan Euskalgym izan da BECen. Gimnasia erritmikoko munduko gimnastarik onenak etorri dira telebistaz urtean zehar jarraitzen ditugun trebezia irudikaezinak zuzenean erakustera: Arina Averina, Alexandra Soldatova, Katsiaryna Halkina eta Linoy Ashram izan dira, besteak beste, azken urteotan podiumetatik jaitsi ez diren batzuen adibideak. Eta Euskal Herrira etortzen dira, urtean urteko uztarik bikainena, hemen jarraitzaile asko dituztelako, hemengo antolakuntza ona delako eta hemen ere harrobi ona dagoelako. Salma Solaun edo Teresa Gorosperen aurtengo lorpenak ezin aipatu gabe utzi. Hasi zen, bada, Euskalgymen ekitaldi arranditsua larunbatean. Eta txalapartarekin egin zuen. Sarrera bikaina. Astebete lehenago, Kalakan hirukoteari entzuna genion orkestra eta txalapartarentzako idatzitako Gabriel Erkorekaren Zuhaitz kontzertua Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Musika guztiz modernoa, globala, handia eta aparta. Bada, ikusle ezjakin eta intolerante batzuk kexuka hasi ziren ea Euskalgymen, munduko izarrak tapizean, nolatan egiten zen irekiera ekitaldia txalapartarekin, inon ezagutzen ez zen tresna txatxu horrekin. Gaur globalak behar dugu izan, irekiak, anitzak, ulerberak, modernoak, mundutiarrak? baina zer ulertzen dugu horretaz guztiaz? Kanpokoak ditugu miresten eta euren pareko nahi dugu agertu. Jakin behar dugu, bada, kulturak ez gaituela txikitzen, alderantziz baizik. Hain zuzen ere, kultura dela gure izaeraz gehien hitz egiten duena eta, kirolean bezala, apartak eta bereziak egiten gaituena. Kulturaren transmisioan badaukagu zer egin. Kultura batek, herritar jantziak ez baditu eta horiei harro sentiarazten ez badie, ibilbide laburra baitauka.