Igande goizean elur apur bat ari zuen Gasteizen. Elurra ikusi bezain laster, baikortasun olatua sentitu nuen barnean (nik ere baditut sineskeriak), leihoaren bestaldean ikusten ari nintzena elurra izatera iritsi ez bazen ere; egia esan, teilatuak uki-tzearekin batera desagertzen zen elur bustia baino ez zen, minutu labur batzuk soilik iraun zuena. Nire baikortasuna ahuldu zen, jakina. Geroago, argazki batean Iñaki Ruiz de Pinedo Zalduondo elurtu batean bozkatzera zihoala, edo bozkatzetik zetorrela, ikusi nuen eta baikortasun-kontzentrazioa odolean zertxobait igo zitzaidan. Zortzietan, lehen inkestek ematen zituzten emaitzak entzutean, baikortasuna zero zen.

Kontsolabideak, eta ez nolanahikoak, izan nituen gauean (Araban PPk berriro ere zero patatero, Nafarroan Bel Pozueta) eta galdera batzuk, hau esate baterako: zer izango dute buruan Errejónen aldekoek Bizkaian? EAEn eskuin espainiarrak izan ez duena hor dago (oraingoz), baina Navarra Sumakoa dugu.

Eta ororen gainetik galdera handia eta beldur handia daude: beharrezkoak al ziren hauteskundeak? Bakarrik utziko al dute guztiek eskuin muturra? Uste dut ezetz, hauteskundeak ez zirela beharrezkoak, dena lehen bezala, edo txarrago, gelditu delako, eta ez, guzti-guztiek ez dutela eskuin muturra bakartuko. Ustekabe polita izango litzateke kontrakoa, baina gauza asko aldatu beharko lirateke, tartean hedabideetan duten ohitura gorrotagarria, PPrekin, Ciudadanosekin eta eskuin muturrarekin talde bat osatu, gazta zati horietako bat, eta horri “zentro-eskuina” deitu: agian egia delako egiten dute hori, hirurak bat.

Ni baino baikorragoak direnek uste dute PSOE azkenik ezkerrera begira jarriko dela, eta talde subiranisten laguntzarekin, gehiengoa osatuko dela demokrazia, elkarrizketa eta eskubide sozialak bultzatzeko. Beste ba-tzuek uste dute PSOEk tarteko koktel light bat antolatuko duela EAJ, Ciudadanos, Unidas Podemos eta beste talde txikirekin, subiranistarik gabe.

CUPek kanpainan erabili duen leloa datorkit burua beti (irribarre batekin, aitortu behar dut): “Ingovernables”, gobernaezinak.