Pentsatu nahi dut egunen batean (laster, ahal bada) Aitor Estebanek kontatuko duela zehatz-mehatz nolakoa izan zen eman ez duen bostekorik ospetsuenaren atzean dagoen istorio osoa: aldez aurretik prestatu zuen ala bat-batean atera zitzaion, aipatuko ez dudan partidu horretako kide horren irainak entzun zituen unean bertan hartu zuen erabakia ala aspalditik zebilkion buruan zerbait egiteko beharra. EAJkoak azkarrak direnez zentzu guztietan (eperra baino zuhurragoak, esaten den bezala), eta Aitor Esteban ez denez azkartasunean azkena, eta hauteskunde kanpainan gaudenez, ez da baztertzekoa pentsatzea ondo baino hobeto prestaturiko keinua izan zela bostekoa ez ematearena. Era berean, bat-bateko erreak-zioarena ez nuke alde batera utziko, azken buruan, EAJren izaeran eta historian txertaturik dago faxismoaren aurkako jarrera. Ados, EAJ ez da alderdi iraultzailea, jainkoarren, egonkortasuna maite du edozer gauzaren gainetik, eta esku zikin asko estutu ditu, estutzen ditu, baina legez kanpo utzi nahi zaituenari bostekoa ematea gehiegi da, zalantzarik gabe.

Zeren legez kanpo uztearena zer den ondo baino hobeto baitakigu hemen guztiok, ezker abertzaleak bereziki. Oraindik dut gogoan zer zen alderdiak, koalizioak, hautesle elkarteak eta abar bata bestearen atzetik legez kanpo uztea eta zenbat jende zegoen kutsaturik zerrenda batean ager-tzeagatik. Ziur naiz legez kanpo uzteko aginduak berriro ikusiko ditugula, hasteko Katalunian eta gero gerokoak. Erresumak, gainera, hamaika lasterbide ditu, baita absurdoenak ere: astelehenean bertan Sánchez presidentegaiak erreferendumak legez kanpo utziko zituela agindu zuen (baina, ez al ziren ilegalak?).

Batzuek ez-bostekoarena aurpegiratu diote Esteban jaunari, jendetasunaren izenean. Ez dut ulertzen. Nik ere ez ditut batzuk agurtu nahi, eta bada nire eskua nahi ez duenik; eguneroko bizitza hori ere bada. Gainera, jendetasuna eta eskuin muturra elkartzeak ez du inolako zentzurik, bateraezinak dira, guztiz, eskuin muturra jendetasunaren ukazio orokorra baita.