Zirrikituetatik begira

Francorekin hil

09.02.2020 | 11:50

"francorekin jaio eta Francorekin hilko naiz" esan zuen Joxemarik, Francoren hilkutxa lekualdatu zuten egunaren hondarrean. Joxemari izena jarri diot 90 urteren muga pasatuxe duen agure bati, zeinak isiltasunaren legea bere bizitza osoan praktikatu duen, beste asko eta askok bezala; hasieran, inposaketagatik, ondoren, etsiak jota eta hobe bidean. Hitz bat ez diogu entzun gerra zibilaren ondorioez, iritzi bat bera ere ez jasandako errepresioaz, inolako salaketarik ez pairatutako bidegabekerien gainean. Galera sentimendua eta ezintasuna nagusitzen zitzaizkiola aipatu zuen behin edo behin. Mina. Eta hobe zela kakari bueltaka ez ibiltzea. Berak bizitzaren aldeko hautua egin zuela. Eta kito. Trantsizio garaian egin zuten lanari esker, orain, ondo bizi zela. Atzera begiratu gabe.

Huraxe izan zen bere azalpena behin galdera zuzenean egin genionean. Bere emazteari, noiz edo noiz, bestelako esaldiren bat entzun genion, ordea: "Franco bueltatuenan ere?". Beldurra zuten. Ezinezkoaren gainean ere, inpotentziak eta etsiak eragiten duen zuhurtzia gehiegizko eta suntsitzailea. Ostegunean pena eman zidan Joxemarik. Eta arrabia sentitu nuen. Pena eman zidan zain egon zela ikusi nuelako. Patxi zaharra, berandu bada ere, noiz epaituko zuten edota merezi zuen bezala noiz tratatuko zuten ikusteko zain egon zela. Justizia izpiren baten epela senti-tzeko zain. Eta ez zelako hala izan.

Berak gogoan zuen Alemaniara bidaia egin genuenekoa, halaxe esan zidan, Hitlerren hondarrei buruz gidak esan ziguna gomutan zuela. Zulo komun batean zegoela. Ezta non ere. Eta gida gustatu zitzaiola, "bere herriaren historia, gogorra izanik ere, baketik eta justiziatik kontatu ahal izan zuelako".

Joxemarik ez zuen bakerik eta justiziarik sentitu ostegunean. Bere emazteari esan nahiko ziokeen, Patxi zaharrak ez duela berriro bururik altxatuko. Baina burua goian izaten jarraitzen duela iruditu zitzaion.

Buru makur, beste behin, Francorekin hilko dela esan zuen ahopean, logelako argia itzali zuenean.

noticias de noticiasdegipuzkoa