Denak gu
Erretako baserrien alde sortzen zen elkartasun uholdeak hunkitzen ninduen txikitan, ezer gabe edo hutsarekin geratzen ziren familia haiei lagun-tzeko antolatzen ziren ekitaldiek, auzolanerako deiek. Behin baino gehiagotan izan da gure familia herri, auzo edo talde espiritu horren onuradun. Gure ama duela aste gutxi aritu zitzaigun umea zelarik San Martin kaleko etxebizitza erre ondoren zein etxetan bizi izan ziren erakusten, herritar baten eskuzabaltasunari esker. Eta oroimenean iltzaturik ditut denda erre zenekoa, edo uholdeek hainbat salgai hondatu zituztenekoa; Azkoitiko beste familia batek nola utzi zigun lokala; zenbat herritar agertu ziren dei egin beharrik gabe laguntzera; gure amamaren malkoak eta esker ona? Oroitze hutsarekin begiak bustitzen dizkiguten bizipenak.
Eurite beldurgarriak izan dira Espainiako zenbait eskualdetan. Etxeak, lantokiak, soroak, mahastiak? harrapatutako dena hondatu du urak. Milaka familia geratu dira egoera aski larrian, eta han ere agertu da gizatiartzen gaituen laguntzarako sena, kalterik handienak jasan dituztenak sorosteko borondatea. Gizakiak bestelako aurpegiak ere izan, ordea. Eskasenek uholdeek eragindako kaosa baliatu dute lapurretarako, hutsarekin geratutako haiei pixka hura ebasteko.
Madrilen ere izan da giza-jokaerarik lotsagarrienak bistaratu dituen gertakari bat. Gidari kamikaze batek auto-istripu bat eragin zuen, eta bere bidetik zuzen zihoan gidari bat hil. Istripua jazo bezain laster hurbildu zen jendea gidariari laguntzera, ustez. Anbulantzia agertu zenerako hilik zegoen gizona. Arnasa ez ezik, erlojua eta diru-zorroa ere falta zituen. Haiek ostu zituena hurrengo ezbeharraren zain egongo da.