Ferdinand Aire Xalbador bertsolariari buruzko argazki erakusketa dago ikusgai Zarauzko Photomuseumen. Horren barnean, Eneko Dorronsorok urepeldarraz eginiko dokumentala eman zuten ostiral arratsaldean: Xalbador, izana eta izena. Ferdinanden sorlekua eta ingurua azaltzen dira irudietan, baita haren artzain etxola ere. Pentsa liteke sormena lan-tzeko leku ezin aproposagoa dela: mendi ederrak, txorien kantua, kirkilen hotsa, ardien marraka? Ez dakit, baina, hainbeste gauza on sortzeko modurik izango zuen Xalbadorrek bere barne hits eta trumoitsuaren bitartez izan ezik.

Iñaki Eizmendi Basarri zenaren brontzezko irudia estakuru, Bertsoaren harria liburuaz eta han irundako hariari tiraka aritu da asteon Zarau-tzen Koldo Izagirre. Basarriren bizitzaz, pentsakeraz eta lanaz mintzatu zen, besteak beste. Eta errezildarraren bertso sorta bat aipatu zuen, non aitortzen baitu ezin zoriontsuagoa dela. Berez zoriontsu izateko baldintzarik eskaintzen ez zuen egoeran sortutako bertso-sorta batean dio hori, Aritxulegin frankistek esklabu zeukatela. Gatibu egonik ere, naturak gozamen eta atsegin betea zemaion, inolaz ere.

Txiolari batek mezu hau hedatu zuen duela egun gutxi Twitterren: “Jende gehienak ez du ilargia ikusten etxeko leihotik, edo kilkerrak en-tzun udako gau epelean. Jende gehiena langile auzo batean bizi da. Eta hor ez dago erromantizismorik”. Ez nintzen ni Karmenen iritziarekin bat ez zetorren bakarra. Erantzun hau eman zioten, beste zenbaiten artean: “10. pisu batean bizi da amona. Balkoia hegoaldera, Altza gogorrera bistak. Bisitan noanero ateratzen naiz balkoira, begiratzera. Ez dakit hitza erromantizismoa den, baina ez dago urrun.”

Poesiak amodioa eta natura ditu arnasa. Izotz-ondoko eguzkia ederrestea errazagoa da, nonbait, 20 solairuko etxe orratz bati so ezer ontzea baino. Baina zenbat idazlek, kantarik edo margolarik xarmatu gaituzten hiri handietako burrundaren, kutsaduraren eta jendetzaren erdian. Bost milioi biztanle baino gehiago ditu Monterrey hiriak, hantxe jaio zen Acción Poética mugimendua. Kide haietako batek idatzi zuen horma batean: “Komuneko tapa jaisten ez duenak, nola jaitsiko dizu ba ilargia!”.