“Geuk sortzen dugu”. Horrela erantzuten dute dirurik gehien irabazten duten kirolari profesionalek hainbeste irabaztea bidezkoa ote den galdegiten dietenean. Inguru hurbilera begira, Messi edo Cristiano Ronaldo dira adibiderik argienak. Batetik, oso urrun daude, baina, bestetik, Anoetan eta Ipuruan jokatzen dute. Munduko onenak dira. Mila ñabardura eta kontsiderazio moral egin daitezke, baina ez da gezurra, eurek sortzen dute; sartzen dituzten golekin, ematen duten ikuskizunarekin, ordaintzen dien klubari bermatzen dizkioten tituluekin, saltzen dituzten kamisetekin, euren irudiarekin?
Irudia funtsezkoa da bi izar distiratsu horien kasuan, Portugaldarrarenean bereziki. Ispilua asko maite du. Txapeldunen Ligan jokatutako azken partidaren ondoren, bi eskuak barrabiletara eraman zituen, aurreko partidan Diego Simeonek egindako keinuari erantzunez. Ez dakit zenbateraino gaizkitzen ote duen telebistan bere burua horrelako itsuskeriak egiten ikusteak, baina UEFAk jarritako isunak ez dio azkurarik ere egin. 20.000 euro. Bi ordu eta zazpi segundoan irabazten ditu.
Cristianok maite du bere burua, bai. “Guapoa eta aberatsa naizelako didate hainbesteko inbidia” esan izan du. Aberatsa izateari, eta badela erakusteari, aparteko garrantzia ematen dio, arrebarekin haserretu egin zen hark umetan gosea pasatu zutela publikoki esan zuelako.
Cristianok diru asko irabazten du, baina Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbaiti ematen omen die mozkinen parte bat. Orain Madrilgo ekonomia suspertzea du helburu, han ireki duen negozio baten aurkezpenean esan duenez. Iruzur fiskala egin izanagatik zigortu zuten hiri berean esan du hori. Kolorerik mudatu gabe. Nola izan litekeen aldi berean azal fineko eta larrusendo...