iraganak berunezkoa dirudi batzuetan. Urrats bakoitzean gorputza guztiz bortxatu behar, eta sekula ezin zangorik behar bezala luzatu. Hedabide bat ixteko, susmoak baino zerbait gehiago behar da. Hamar urteren buruan epai batek susmoak funtsik gabeak zirela ebatzi bazuen, uste izatekoa da oinarririk gabeko itxierak kalteturiko komunikabideari kalte-ordaina eman beharko zi-tzaiokeela. Ez zen halakorik izan. Barkamenik ez zitzaien eskatu, are gutxiago ondorioak leuntzen lagundu, eta beste hamar urteren buruan Gizarte Segurantzarekin deusen hobenik gabe pilatutako zorra beste enpresa bati erantsi diote. Egini ez zioten egiten utzi, Garari ez diote izaten utzi nahi. Bataren eta bestearen arteko jarraipen ideologikoan oinarritu zuen Garzón epaileak bien arteko lotura, eta segida horren baitan ezarri diote Garari Eginen zorra. Ez du zentzurik jarraipen ideologikoa zalantzan jartzeak. Bata itxi izanaren ondoren eta ondorioz ireki zuten bestea. Euskaldunon Egunkaria eta Berriaren kasuan bezal-bezala, gizarte-eremu berberak sustatu eta abian jarri zuen epaile batek bidegabe itxitako hedabidea. Kontua da zuzenbidearen eta justiziaren ikuspegitik zeharo onartezina dela epai batek errugabetutako komunikabideek ezeren zamarik beren gain hartu behar izatea. Eta bidegabekeriaren mukurua da beste kapital sozial bat eta beste akziodun batzuk dituen enpresa bati egoztea aurrekoak ez zuen erruaren zama. Eskubidezko estatua hustu egiten dute horrelako prozesuek, itxuragabetu. Afera ez da jarraipen ideologikoa, jazarpen ideologikoa baizik. Eta hedabide horien ildoekiko urrunen sentitzen denak ere ez luke justiziaren narriook salatu gabe gelditu behar.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
