duela pare bat urte birdiseinatu zuten Donostiako Udalaren logoa. Hiriaren armarriak bere horretan jarraitzen du, baina logoa berritu egin zuten. Logo berrian koroari eutsi ala ez erabaki beharra zegoen, eta Udalak zenbait donostiar esanguratsu bildu zituen, haien iritzia jakin nahirik. Zenbaiten ustearen kontra, koroari eustearen aldeko iritzia nagusitu zen, aise gainera, eta horren alde mintzatu ziren eremu independentistako zenbait herritar en-tzutetsu ere. Hori ulertzeko, hiriaren sorrerara jo beharra dagoke, eta 1180an Nafarroako Antso Jakituna zen Nafarroako errege. Donostiako lehen armarria XVI. mendekoa izan arren, uste izatekoa da han ageri den koroa Nafarroako erregetzarekin lotu nahi zutela.
Ostegun arratsaldean jakin nuen, Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioaren bitartez, Santiago de Compostelako San Martiño Pinario elizan agertu den grabatuaren berri. Harrian oso egoki zizelkaturiko letrak dira, neurri eta forma oso erregularrekin, bistakoa da horretan trebaturiko norbaiten lana dela. Grabatuak eduki erlijiosoa izango zuela pentsatu zuten, baina harri eta zur gelditu ziren irakurri zutenarekin: “Viva el Donostia FC”. Zer nolako aurpegia gelditu ote zitzaien!
“Donostia FC” Reala da. Izen hori eman zioten II. Errepublikaren garaian, monarkiarekin lotura zuten izen eta ikur guztiak debekarazi zituztenean. Gerraostean alderantzizko bidea egin behar izan zuten ostera ere. Koroadun bi armarri, beraz, baina askok oso desberdin ikusten ditugunak. Santiagoko eliza batean agertu den grabatu horrek pentsarazi dit zenbatez neureago sentituko nukeen horrelako izen bat -Donostia edo Gipuzkoa?-, hain arrotz, desatsegin eta gogoz kontrako dudan “Real” borboitar horren lekuan.