Euskal Telebistan aritu den orok topo egin du nonbait, noizbait, lanen batean, Estepan Aldamiz-Etxeberriarekin. Izan ere, hasiera-hasieratik ari izan da bertan. Ezkutuan batzuetan, denen bistan gehienetan, 36 urte luzez jardun du euskaraz telebista egiten. Zer egin behar zen bazekitela uste zuten batzuek, nola egin behar zen bazekitela besteek. Estepanek, bazekien zein ez bazekien, adarretik lotu eta egunero telebistako saioak aurrera atera behar izan ditu. Beste batzuen aginduetara zenbait boladatan, bere ardurapeko saioak gidatzen beste askotan, euskaraz milaka telebista-ordu ekoitzi ditu.

Estepanek izaera berezia du oso. Gizon maitagarria da, hurbila, atsegina, traturako erraza, zoroa. Eta ausarta. Nortasun hori eraman du pantailetara ere. Berekin ari izan diren ba-tzuek ez dute ulertu izan Estepanen lan egiteko modua, bateren batek oso kontrako jarrera ere izan du. Gehienak esker oneko dira harekiko.

Lola Flores hil zenean nik gaueko albistegi bat aurkezten nuen. Estepan zen editore. Saio desberdina zen, ordura arte telebistan egin izan ziren albiste-saioen oso bestelakoa, magazine kutsukoa. Hartan ari ginela, Lola Flores hil zen. Eta Estepanek erabaki zuen emakume haren figurak merezi zuela gure saioan tarte berezi bat eskaintzea. Nik albistea emateari egoki neritzon, baina saiatu nintzen Estepani tarte berezi baten ideia burutik ken-tzen. Ez nuen lortu. Lola Flores ez zen euskal telebista nazional baten nire ikuskeran eta ulerkeran sartzen. Estepan irekiagoa zatekeen, mundu-ikuskera zabalagoa zukeen, eta konplexu gutxiago menturaz. Gogoan ditut nire zalantzak, Ramon Labaienek Lola Floresez egin zuen laudatio harrigarria, Estepanen irribarrea? Bolada batean uste dut otoitz ere gauero egin nuela: “jaungoiko maitea, mesedez eskatzen dizut bihar ez dadila espainiar folklorikarik hil!”

Ostiralean hartu zuen erretiroa Estepanek. Azken saioa aurkezten ari zela, hainbat lankide sartu ziren, eta atzean jarri. Urte hauetan guztietan egindako lanaren eta irabazitako maitasunaren aitortza egin nahi izan zioten. Hunkigarria izan zen. Bide berri on, Estepan! Nik ere maite haut.