Síguenos en redes sociales:

Inoren esku

Zarautzen, iazko udan. Emakume batek bi mutiko ikusi ditu bizikleta bat errekara botatzen. Handik metro gutxira beste ume baten urtebetetze-askaria egiten ari ziren. Sabela aski bete dutelarik, lagunarteak eskaintzen dizkienez bestelako libertimendu bat bilatu nahi izan dute, eta ideia hoberik otu ez. “Giltzarraporik gabeko bizikleta hau botako al dugu errekara?” Zer bururatu, huraxe burutu. Emakumeak haurrei kargu hartu die. Apenas asko estutu diren. Udaltzainei deitu eta minutu gutxira agertu dira. Haien presentziak ohartarazi ditu askarian murgilduta zeuden helduak, bi mutikoen gurasoak barne. Bietako baten aita bizikleta ateratzeko soka baten bila joan den bitartean, amak semearen balentriari garran-tzia kendu dio: “Umeen arteko bihurrikeria bat besterik ez da izan, ez zegoen udaltzainei deitu beharrik”. Umeei kargu hartu dien emakumeari amorruzko eta mehatxuzko begirada bat egin dio. Semeari hitzik ez.

Zarautzen bertan, iragan eguberri aurretxoan. Haur baten gurasoak semearen tutorearengana joan dira, ebaluazioari buruzko gogoeta parteka-tzeko. Eskailburuan zain daudela, ume gazte-hazi bat adin bereko bati joka ikusi dute. Gogor, min emateko moduan. Umeak banatzeko, biei besotik tira behar izan diete. Orduantxe irten da tutorea, erasotzaileari jokabide hori onartezina dela esaten ari zaitzaizkion une berean. “Berriz joka!” esan dio umeari. Hura etxera bidali eta beste umearen gurasoak ikasgelara pasarazi ditu. Bilera amaitu ondoren, eskailburuan zain zuten erasotzailearen ama: “Ez berriz eskurik gainean jarri gure semeari!”

Donostian, duela aste gutxi. Gune publiko itxi batean dagoen pianoaren gainean saltoka hasi da ume bat. Segurtasun-arduradunak bi eskuez gerritik heldu eta handik jaitsi du. Haurraren ama, gune bereko tabernaren terrazako mahaitik altxa, lasterka joan eta gizonari oldartu zaio: “Nor zara zu gure haurra ukitzeko!”

Gure belaunaldiari ahantzi egin zaio guraso izatea umeak elikatu eta janztea baino gehiago dela. Heziketa irakasleen gain utzi du, eta libertimendua gailu elektronikoen esku. Inorenetan.