oraindik ez du aldebakarreko independentzia aldarrikapenik egin Kataluniako parlamentuak, baina ez da horren zain egon beharrik izan ondorioetako batzuk bistaratzeko. Espainiako erregeak hatz erakuslea astindu zuen behin eta berriz, han gertatzen ari omen den haustura sozialaren erru osoa sezesionista doilorrei leporatu eta marko konstituzionala babesteko baliabide guztiak erabiltzearekin mehatxu egiten zuen bitartean. Espainiako Gobernua eta judikatura, bata bestearen hain meneko beti, Katalunia eromen onartezin honetara eraman duten eran-tzule politiko eta polizialak auzitara eraman eta autonomia bertan behera uzteko prest ageri dira. Bada independentisten ameskeriak lausotzeko berebiziko indarra dukeen beste faktore bat ere: Txintxin jauna.

Nazkatzeraino errepikatu digute finan-tzak oso izutiak eta fidakaitzak omen direlako kontua, egonkortasunaren maitale eta abentura zoroen arerio. Izuei Kataluniatik alde egiteko alfonbra gorria jarri die Raxoiren gobernuak. Ez da izapide astun, luze eta gogaikarririk egin beharrik izango. Katalunia ekonomikoki ahulduko lukeen edozein urrats susta-tzeko prest dago Espainiako gobernua, nahiz eta espainiazale, legearen baitako eta eredugarri omen den Kataluniako gizarte erdiari ere kalte egin.

Hilaren amaierako soldata, pentsioa, ongizatea kolokan ikusteak independen-tziazalerik beroenak ere hoztu egingo dituela espero izango dute, baina ez dut uste honek itzulbiderik duenik. Era denetako egurra sugestio-bide kaxkarra da. Espainiak, marka gisa, proiektu amankomun gisa, gero eta erakarmen txikiagoa du. Izutiak badoaz, baina gelditzen direnek are adore gehiago izango dute.