Síguenos en redes sociales:

Gure leizea

zerbaiten alde egoteak ez du esan nahi zuk babesten eta hauspotzen duzunak erronka ziur irabaziko duela uste izan behar duzunik. Badirudi Kataluniako erreferendumaren alde gaudenak baikortasun erabatekoa erakustera behartuta gaudela. Edozer baino nahiago nuke, baina zail ikusten dut urriaren 1eko galdeketa gauzatu ahal izatea. Argi dago Generalitateak plan bat eta bi baino gehiago garatu dituela estatuaren barrikadei aurre egiteko baina, honen jarrera eta jokabideak ikusirik, zernahitarako gai direla iruditzen zait. Arma guztiak baliatuko dituzte, tanketak barne. Apustu egin behar banu, galdeketarik burutu ezetz egingo nuke eta, halere, estatua partida galtzen ari da. Galdu du jada.

Euskal independentismoaren zenbait sektoretatik epelak esan dizkiote Urkullu lehendakariari. Estatuarekiko kolaborazionismo salaketak egiteaz gain, gogor kritikatu dute galdeketaren bermeak zalantzan jarri izana. Aldi berean, sektore bertsuetatik Ibarretxe lehendakariaren figura aldarrikatu dute suharki. Zenbait ardok ontzen behar izaten duena baino denbora gutxiago aski izan dute “Ibarretxe español” ohiu egitetik “hura bai gizona!” iradokitzera pasatzeko.

Kataluniako prozesua gehienok espero baino askoz urrunago heldu da. Tiro bat bera jaurti gabe, inor hil, bahitu edo jazartzeke, autobusik eta liburu-dendarik erre barik, erreferendumerako astebeteren faltan erronkari bizirik eusten diote. Agian, hain justu, inoiz bortxarik erabili ez izanagatik. Izan ere, Kataluniako presuaren indarra alderdi subiranisten metaketan datza, eta euskal alderdi abertzaleen elkar ulertzeak indarkeriaren zamapeko urteetan sorturiko leize sakona du traba nagusi. Orduan birrinduriko zubiak ez dira pintxo-pote batean eraikitzen.